Baratzetik sukaldera: zer berezitasun ditu kuiatxoak? - Tolosako Azoka

Baratzetik sukaldera: zer berezitasun ditu kuiatxoak?

#Azoka lagunak #Baratzea #Baserria #Produktuak
Luzokerraren, kalabazaren edota angurriaren familiako barazki honek onura eta aukera ugari eskaintzen ditu, gordinik, egosita, plantxan edo krema eta pureetan jan baitaiteke. Horregatik, gaurko artikuluan azokako barazki ezagunenetako baten bitxikeria eta propietate batzuk bildu dizkizuegu: Kuiatxoaz ari gara.

Gaur egun, azoka askotako produkturik ezagunenetako bat da, horien artean Tolosako Azokakoa, baina duela urte batzuk barazki hau abeltzaintzarako erabiltzen zen gehien bat, animalientzako elikagai gisa. Inork gutxik daki kukurbitazeoen familiako barazki honen jatorria erdialdeko Amerikako lurretan dagoela, non ehundaka urte daramatzan plater askoren oinarria izaten. Guk ezagutzen ditugun kuiatxoak italiar kolonoek ekarri zituzten Europara, eta, beraz, herrialde transalpinotik datoz.

Itxura luzexka, 20-25 cm inguruko tamaina eta azal leun eta gogorra izanik, barazki honek aukera ugari eskaintzen ditu. Hain ohikoak diren pureak eta gisatuak, gero eta ohikoagoak diren berdura- eta kuiatxo-salteatuak edo kuiatxo birrinduko zerrendekin egiten diren pasta-suzedaneoak erabiliz, ukaezina da barazki honek eskaintzen duen potentziala, eta, gainera, prezio bikainari eusten dio.

Duela aste batzuk Juan Urretavizcaya Azoka Lagunak proposatu zigun kuiatxo beteen errezeta da aipatu dizuegun moldakortasun horren adibide argia. Berarekin Tolosako Azokan erosketak egiten pasa genuen goizean egin ahal izan genion elkarrizketa hemen utziko dizuegu, errezeta hori proposatzeaz gain azokaren inguruan beste hainbat gauza interesgarri kontatu bait zizkigun.

Baina errezeta eta plater ugaritan erabiltzeaz gain, nabarmentzekoa da kuiatxoak eskaintzen dituen mantenugaien zerrenda. Barazki honek ur-eduki handia duenez, oso onuragarria da hidratazioari eusteko, eta, gainera, bitamina eta mineral ugari eta kaloria gutxi ematen ditu.

Fruitua ez da landareak ematen duen jaki bakarra

Bitxikeria gisa esan nahi dizuegu, gainera, kuiatxoaren fruitua ez dela kuiatxoaren landarearen zati jangarri bakarra, kuiatxoaren landareko lore arrak ere jangarriak baitira eta munduko leku askotan gutizitzat hartzen baitira. Kuiatxoaren landareak bi lore mota sortzen ditu polinizazioa errazteko: lore arrak, laranja kolore ikusgarrikoak eta janagarriak direnak, eta lore emeak, ondoren kuiatxoaren fruitua sortzen dutenak. Polinizazioa gertatu ondoren, lore ar horiek moztu egiten dira, eta oso goxoak geratzen dira frijituta edo gaztaz edo bestelako betegarriz beteta prestatzen badira.