Sendabelarretik ukendura, pausoz pauso - Tolosako Azoka

Sendabelarretik ukendura, pausoz pauso

#Azoka lagunak
Pasa den ostiralean, Azoka Lagunak Bidaiariaren Txokoan elkartu ginen sendabelarrekin ukenduak egiten ikasteko. Osabiko Bidatz Sasiain izan genuen gidari. Sendabelarrak biltzeko moduari eta etxean ukendu moduan erabiltzeko aukerei buruz aritu ginen.

Tailerrean izan zinetenok bertatik bertara ikusi ahal izan zenuten zenbat jakintza dagoen baserri inguruko landareen, olioen eta erremedio zaharren atzean. Etorri ezin izan zinatenontzat berriz, hemen bildu ditugu labur-labur Bidatzen eskutik jaso genituen ideiarik garrantzitsuenetako batzuk.

Ukenduak gure herri medikuntzan sendabelarren prestakuntza landuenetakoak izan dira. Garai batean, baserri inguruan hazten ziren landareekin prestatzen ziren, etxean bertan, eskura zegoenarekin. Oinarrian, ideia bat dago: landarearen printzipio aktiboak sustantzia koipetsu batera pasatzea. Garai batean animalia-gantza erabiltzen zen horretarako; gaur egun, berriz, oliba olioa da erabilienetako bat, nahiz eta beste landare-olio batzuk ere erabil daitezkeen.

Ukendu bat egiteko, zer behar da?

Ukendu bat egiteko hiru elementu nagusi behar dira: aukeratutako sendabelarra, landare-olio bat —oliba olioa izan daiteke erabilienetako bat— eta argizaria. Horiez gain, ontzi bat, bainu maria egiteko kazola, trapu edo gasa bat iragazteko eta ukendua gordetzeko pote txikiak beharko ditugu.

Lehen pausoa landarea ondo aukeratzea da. Ez badugu ziur identifikatzen, hobe ez jasotzea eta dakien norbaiti galdetzea. Bilketa egiteko, egun eguzkitsu eta lehorra aukeratzea komeni da, eta landareak kutsatu gabeko leku garbietan jasotzea. Garrantzitsua da behar duguna bakarrik hartzea eta naturarekiko errespetuz jokatzea.

Landarearen zati bakoitzak bere unea du: loreak ximeldu aurretik jasotzen dira; hostoak, landarea garatzen ari denean; haziak, helduta daudenean; sustraiak, udaberrian edo udazkenean; eta azalak, ahal dela, lorea garatu aurretik.

Behin bilduta, landarea freskoan edo lehortuta erabil daiteke, landarearen arabera. Lehortzekotan, itzaletan eta toki aireztatuan uztea komeni da; loreak, adibidez, paper baten gainean zabalduta lehortu daitezke. Ondoren, kristalezko edo metalezko poteetan gorde daitezke. Praktikara eramanda: 

Sendabelarrekin ukendua, pausoz pauso
Ukendua egiteko bi modu azaldu ziren tailerrean. Lehenengoa bainu marian egitea da:

1.- Landarea txikitu eta olioarekin jarri ontzi batean.
2.- Olioak landarea guztiz estali behar du.
3.- Bainu marian eduki 3-4 orduz, olioa irakin gabe. Ez da komeni 60 ºC-tik pasatzea.
4.- Sua itzali eta 24 orduz hozten utzi.
5.- Trapu edo gasa batekin iragazi.
6.- Argizaria gehitu: 100 g argizari, olio litro bakoitzeko.
7.- Berriro bainu marian jarri, argizaria urtu arte.
8.- Ontzietara bota, hozten utzi eta, loditutakoan, tapa jarri.
9.- Amaitzeko, etiketa jarri: erabilitako landareak eta eguna idatzita.

Bigarren aukera motelagoa da: aukeratutako landareak kristalezko ontzi batean sartu, txikituta, eta ontziaren bi heren landarez bete. Ondoren, olioa gehitzen da ontzia bete arte, eta 40 egunez uzten da etxeko leiho batean, egunean ordu batzuetan eguzki izpiek eman diezaioten. Denbora hori igarota, olioa iragazi, argizaria gehitu eta aurreko pauso berberak jarraitzen dira.

Osabiko Bidatzen eskutik eginiko tailerrak aukera polita eman zigun gure inguruan hazten diren landareei beste begirada batekin erreparatzeko, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakintza hori gaur egungo egunerokoan nola erabil dezakegun ikusteko.

Gogoratu zuk ere Azoka Lagunentzat egiten ditugun ikastaro eta jardueren berri izan nahi baduzu, gure buletina jasotzera harpidetu zaitezkeela. Zure zain gaude!