Tolosako Azoka - 760 urtez ereindakoa sustraituz eta haziaraziz

Tolosako azoka

Larunbatero-larunbatero egiten den azoka da Tolosakoa, (ia) hutsik egin gabe. Herriaren hauspo eta elkargune, Zerkausian, Berdura Plazan eta Euskal Herri Plazan biltzen dira dozenaka herritar, ekoizle eta bisitari.

Eguzkia ateratzen hasten denean ikusiko dituzu lehenengo ekoizleak hurbiltzen. Goizeko lehen kafea, aste guztiko lanaren gora-beherak elkarri kontatu, eta 8:00etarako postu eta mahai guztiak prest garaiko produktuz josita. Barazkiak, fruituak, perretxikoak, loreak, eta bestelako asko.

Orduan hasiko dira “egun on”, “aspaldiko”, “zer moduz”, eta “zer daukazu gaur?” hitzak behin eta berriro postuetan zehar saskia besoan hartuta erosketak egitera hurbildu direnen ahotik. Tolosarrek eman ohi duten aholku bat izaten da: azokara goiz joaten denak topatzen omen ditu produkturik goxoenak. Gastronomiari lotutako herria da gurea, eta bai; badakigu zerbait.

Josefa, Joxe Angel, Amparo, Joakina, Luis, Patxi eta beste askoren, nahiz euren aurretik zeuden guztien eguneroko lanaren emaitza da azoka. Orduak eta orduak lanean, esku, bihotz eta buru, lurrari, baserriari, animaliei eskainiz.

Uzturre, Hernio, Txindoki, Erroizpe, Otsabio edota Ipuliñoren magalean ekoiztutakoak dira ondoren saltzen diren produktu gehienak: urtaroekin batera aldatuz doazen koloreak.

Besteak beste
topatuko dituzun
garaiko produktuak.

Ikusi postu guztiak

Ia 8 mendeko historia duen azoka

Historia

Egin zaitez azoka laguna eta jaso astero gure newsletterra.

Informazio Gehiago
Ezagutu, ikasi, zabaldu