Ibarrako piparra hautatzen eta gordetzen edo kontserbatzen ikasteko jarraibideak - Tolosako Azoka

Ibarrako piparra hautatzen eta gordetzen edo kontserbatzen ikasteko jarraibideak

#Azoka lagunak #Baratza #Produktuak
Uztaila da Ibarrako piparra biltzeko hilabete nagusietako bat. Garai honetan Azokan fresko-fresko topatuko duzu, eta behin etxean duzunean zer egin jakiteko gida praktiko bat prestatu dizugu.

Ibarrako piparraren inguruan asko hitz egin dugu gure blogean, gurean dugun altxorrik preziatuenetakoa baita. bere zikloaren inguruko xehetasunak, ezaugarri bereizgarriak eta baita kontserbak egiteko prozesua ere azaldu dizkizuegu.

Oraingoan, ordea, ikuspegi praktikoago bat dakargu. Ibarrako piparra esku artean duzunean, zer egin jakiteko zenbait jarraibide. Azokan nola aukeratu, etxean nola gorde edo kontserbatu, eta sukaldean nola prestatu azalduko dizugu. Laburbilduz, gida erraza prestatu dugu, sasoi betean dagoen jaki goxo hau ahalik eta ondoen aprobetxatu dezazun.

1. Nola aukeratu piparrak azokan

  • Bilatu berde bizi koloreko piparrak, zimurtasunik gabeak eta mehe-meheak.
  • Azokan bertan galdetu: postu bakoitzeko ekoizleek ondo dakite zein puntutan dagoen piparra, eta zertarako den aproposena (egosteko, frijitzeko, kontserbarako…).

2. Etxean gordetzeko aholkuak

  • Fresko kontsumitzeko: erosketaren egun berean erabiltzeko asmoa baduzu, nahikoa da garbitu, lehorrean utzi eta ondoren egosi edo frijitzea.
  • Egun batzuetarako: hozkailuan gorde daitezke, paper xurgatzaile batekin bilduta eta poltsa ireki batean sartuta. Horrela 4-5 egun iraun dezakete egoera onenean.

3. Etxean kontserbatzeko bertsio erraza

Artisau kontserba profesionalen mailara iritsi gabe, badago etxean hau egiteko modu errezagoa:

  • Egosi piparrak ur eta ozpin nahasketan 3-4 minutuz.
  • Sartu beirazko pote garbietan, eta gehitu ozpin pixka bat eta gatza.
  • Gorde hozkailuan. Ez da kontserba klasiko baten iraupenera iristen, baina aste batzuetan bikain mantentzen da. Oporretara bazoaz, bueltarako piparrak bikain mantentzeko aukera bikaina da hau. 

Ibarrako piparra gure azokako altxorretako bat da. Sasoiko produktua, bertakoa eta sukaldean erabiltzeko erraza. Etxean gozatzeko ez du prestaketa konplexurik behar, eta era askotara aprobetxatu daiteke: fresko, egosita, kontserban…

Larunbatean Azokan bertan aurkituko duzu, fresko-fresko. Eraman etxera, eta gozatu!