Ibarrako Piparra: Tolosako Babarrunaren adiskiderik onena. - Tolosako Azoka

Ibarrako Piparra: Tolosako Babarrunaren adiskiderik onena.

#Azoka lagunak #Baratzea #Errezetak #Produktuak
Tolosako babarrunak jan dituen orok badaki Ibarrako Piparrak haien adiskide leialenetako bat direla. Hori dela eta, eta piparrak jasotzeko garaia denez, gaurko artikuluan piparren inguruan bitxikeria batzuk bildu dizkizuegu, eta, gainera, pare bat errezeta erraz proposatuko dizkizuegu, jaki honetaz ahalik eta gehien goza dezazuen.

Tamaina jasoa eta berde bizi kolorekoak, piparrak ahoa urez betetzen duten jaki horietako bat dira. Tolosako babarrunen lagun leialak, piparren artean ezagunenak eta duten ospea lortzen dutenak, Ibarrako Piparrak dira, “Ibarrako otarrainxkak” bezala ere ezagutzen direnak.

Pare bat hilabete pasa dira jada Aritzeta barazkiak-eko Zuhaitz Ibañezek Tolosako San Blas auzoan duen baratza bisitatu ahal izan genuenetik. Bertan, piparren landareak nola landatzen diren ikusi ahal izan genuen, eta orain fruituak jasotzeko garaia da. Begira nola dauden!

Piper barietate honen bitxikerietako bat da, tradizioak agintzen duen bezala, oraindik erabat heldu gabe dagoenean eta bere kolore berdea mantentzen duela kontsumitzen dela. Luzaroago utziz gero, piparrak kolorez aldatu eta gorri bizi bihurtzen dira. Orduan, aurreko artikulu batean azaldu dizuegun bezala, beste funtzio batzuetarako erabiltzen dira, adibidez piperrautsa egiteko, zapore mina kontzentratuagoa dutela aprobetxatuz.

Izan ere, Ibarrako Piparrak jatea, esan ohi den bezala, loteriara edo errusiar erruletara jokatzea bezelakoa baita. Egia da kontsumitzen diren piparra gehienak ez direla minak, neurri handi batean oraindik guztiz heltzeko astirik izan ez dutenean biltzen direlako, eta, neurri batean, gure inguruko lurrek duten hezetasunari eta ureztatze etengabeari esker; izan ere, ur ugari izateak piparrak mintzea ekiditen baitu. Hala ere, denok jaso dugu noizbait pipar traidoreren baten kolpea, gutxien espero genuenean bere zapore minarekin joz.

Baina, salbuespenak salbuespen, piparrak probatu ditugun pertsona gehienok bat gatozela piparrak benetako gozamena direla esan daiteke. Mila modutan eta gustu guztietarako presta daitezke gainera. Badira frijituta nahiago dituztenak, baita ozpinetan kontserbatuta (Tolosako babarrunei laguntzeko) nahiago dituztenak, edo entsaladei edo beste errezeta hotz batzuei gordinik eransten dizkietenak ere.

Gaurko artikuluan, piparra protagonista moduan duen errezeta bat proposatzen dizuegu: Gilden errezeta. Ezin hobea mokadu bat egiteko edo etxean gonbidatuei eskaintzeko. Ez du surik edo laberik behar, eta seguru estualdi batetik baino gehiagotatik atera gaitzakela.

Ohiko gildak egiteko 4 osagai baino ez ditugu behar: Olibak, antxoak, piparrak (kontserban) eta oliba-olioa. Olibak, antxoak eta piparrak zotz batekin txistatu, eta oliba-olio pixka bat duen ontzi batean uztea bezain erraza da. Jateko prest egongo dira!

Piparrak kontserban eros ditzakezue zuzenean, edo Tolosako Azokan bere horretan eros ditzakezue. Pipar-kontserba zuen kabuz egin dezakezue gainera, kristalezko pote esterilizatu batean piparrak ¼ ozpin, ¼ ur eta gatz pixka batekin nahastuz. (Hori bai, piparrek beren zapore bereizgarria har dezaten, 3 hilabetez beratzen uztea komeni da.)