Sagarra bere horretan zein askotariko errezetetan prestatzeko fruitu baliogarria da. Sagar-barietatearen arabera, ezin hobea izan liteke azalarekin edo azalik gabe jateko, egosteko edo erretzeko, konpota, marmelada zein sagar gozoa egiteko, plater gozo zein gaziak laguntzeko edo, nola ez, tradiziozkoa dugun sagardoa egiteko.
Milaka sagar mota daude, bakoitza bere ezaugarri eta berezitasunekin, baina badute zerbait amankomunean: Tolosako Azokan aurki ditzakegu. Badira gozoagoak, garratzagoak, azal fin edo lodikoak, gorputz handikoak edo zuku askokoak, berde, marroi edo gorri kolorekoak, edota berantiarrak edo goiztiarrak direnak ere. Gaurko artikuluan azken horiei buruz hitz egingo dizuegu, San Joan-sagarra eta San Pedro-sagarra sagarren sasoia hemen baitago dagoeneko, eta azokako postuetan aurki baititzakezue.
Tolosako Azokara iristen lehenengo sagarrak dira, hurrengo barietatea (Santiago-sagarra) iritsi baino hilabete lehenago gutxi gorabehera, eta gainerako barietateak baino hilabete batzuk lehenago, ohikoena baita sagarrak iraila-amaieran eta urrian biltzea, Errezil-sagarra edo Erregin-sagarra barietateekin gertatzen den bezala.
Horrela, ekainaren 24an eta 29an ospatu ziren Joan eta Pedro santuen jaiekin bat eginez, gure inguruko frutarik ezagunenetako baten denboraldiari hasiera eman zitzaion, eta larunbatean lehen San Joan-sagarrak eta San Pedro-sagarrak ikusi ahal izan genituen Tolosako Azokako zenbait postutan. Asko izan ziren salgai zituzten postuetara gerturatu ziren tolosarrak, haiengandik galdezka.
Bi motatako San Joan eta San Pedro sagarrak aurki daitezke, berde argi kolorekoak batzuk, eta azal gorrixka eta orban zuri bereizgarrikoak besteak. Tamaina ertaineko sagarrak dira. Ez handiegiak, ez txikiegiak, eta ezin hobeak dira gordinik jateko, zapore gozoa baitute, ukitu azido batekin.
Azokako ekoizleek esan digutenez, bi barietateak oso antzekoak dira, haien itxuran aldaketa txiki batzuk bakarrik izanik. Ezin hobeak omen dira azalarekin jateko, oraindik iristear dauden beste sagar-barietate batzuetakoak baino finagoa eta delikatuagoa baita. Mamitsuak dira, baina ez dira sagardoa egiteko erabiltzen, sagardoaren ekoizpen-garaitik urrun geratzen baita uzta, eta beste barietate batzuk erabiltzen baitira sagardoa ekoizteko.
Sagarrak gustoko badituzue, bi sagar mota hauek dastatzera animatzen zaituztegu, eta larunbat honetan Tolosako Azokara hurbiltzea gomendatzen dizuegu. Izan ere, gure ekoizleek eskaintzen dituzten hainbat eta hainbat barazki, fruta, esneki eta kalitate oneneko gainerako produktu aurkituko baitituzue udako fruitu hauetan gain.