Urte bakoitiak, oparotasunaren sinonimo - Tolosako Azoka

Urte bakoitiak, oparotasunaren sinonimo

#Azoka lagunak #Baratzea #Baserria
Sagarrei dagokienean behintzat.

San Juan sagarra, San Pedro sagarra, Errezil sagarra, Pelestrina, Booskop sagarra… luzea da Tolosako Azokan topa ditzakegun sagar barietateen zerrenda. Baina barietate aniztasunaz gain, sagar ugaritasuna da aurten topatuko duguna; urte oparoa izango delako bai kalitatez, baita kantitatez ere.

Gogoratzen baduzu, maiatzean Tolosako Urkizu auzoko Eceizabarrena baserrian izan ginen, bertan dituzten sagarrondoen loratzea ikusten (egin klik hemen argazkiak ikusteko). Udaberriko loratze ikaragarri horren ondoren, eurekin bizi izan nahi dugu uztaren bilketa; izan ere, abuztuaren 31an hasi ziren lan horrekin (normalean baino goizago), eta azaroa ingurura arte luza daiteke bilketa hau. Sagarrondoak topera daude!

Familia guztia topatu genuen sagar-bilketan! Ez da gutxiagorako. Ikusi argazki-galeria:

Kontatu digutenez azken urteetako uztarik ugariena da, lehenego urtekoa baino hiru aldiz handiagoa. Izan ere, sagarrondoek bi urtez behin ematen dute uzta ona: “sagarrondoa zuhaitz inteligentea da, eta urte batean energia asko gastatu badu sagarrak ematen, hurrengo urtean indarrak berreskuratzeko deskantsatu egingo du”. Horregatik diogu urte bakoitiak oparotasunaren sinonimo direla. 

Euskal Herrian biltzen ari diren sagar guzti hauek, datorren urtean dastatuko dugun sagardoa egiteko baliagarriak izango dira, hasi baitira sagardotegietan barietaterik goiztiarrenak jasotzen. Bertan, heldutasun proba egiten zaie sagarrei zukua -edo muztioa- atera aurretik. Oso garrantzitsua da sagar barietate bakoitza tokatzen zaionean jasotzea.

“Euskal Sagardoa”-tik aipatu dutenez, aurten 5 milioi kilogramo sagar biltzea espero dute, sagardoaren elaboraziorako. Jatorri deitura hau duen sagardoa egiteko sagar barietate asko erabiltzen da; konplexua bezain aberatsa da beraz. Datorren sagardoak ez omen du aurrekoak bezainbeste alkohol kantitate izango, baina badu bere azalpena: sagarrak azukre gutxiago duenez (sagar asko daudelako), alkohol gutxiago izango du.  

Izan dadila sagardo garaia, jasotzen ari garen uztaren adinakoa!