Azokari eta baratzeari estuki lotua dagoen familia da berea, 100 urte inguru daramatzate eta sasoiko barazki eta landareak ereiten eta saltzen.
Urteotan guztiotan ikasitakoak ez dira artikulu bakarrean kabitzen, baina lau puntu garrantzitsutan laburtu ditugu Peña familiaren arrakastaren arrazoietako batzuk:
Erosketa ohiturak ezagutu
Larunbat goizean zehar Azokara orokorrean, eta Pio Peñaren postura zehazki, bertaratzen diren lagunetako asko eta asko ohiko erosleak dira. Eta kontsumorako ohitura finkoak dituzte.
“Garaiekin batera joaten dira eraldatzen gehien kontsumitzen diren barazki eta fruituak, baina orokorrean, gure erosleek badakite zer nahi duten eta ez da erraza produktu berririk sartzea plazara”.
Azelga, borraja, eskarola, aza, tipulina, tomatea, piperra… Betiko produktuak saltzen dituzte gehien, eta hain zuzen, horiek dira gehien lantzen dituztenak.
Eguneroko lana
Sasoi bakoitzeko baldintzetara moldatuz, aire librean zein negutegian erein eta hazten dituzte elikagai desberdinak, “nahiz eta azken aldian dezente aldatzen ari diren sasoiak, apur bat inprobisatuz eta moldatuz ibiltzen gara”.
Lurrari lotuta baino, hari begira bizi dira. Eman eta eman, izurrite eta eguraldi-aldaketen ondoriozko kalteei adi. Eguneroko lan horietan ikusten eta ikasten dira detailerik garrantzitsuenak: ze landare datorren ondo, zeinek ez dion heldu lurrari, zeinekin adi ibili, zerk eskatzen duen lan hadiagoa…
Produktu poltsak
Azokako ohiko bisitariek argi dute zer nahi duten. Hainbeste, nahi duten guztia eskatu eta poltsa bakarrean bilduta jasotzeko aukera ere badagoela. Mezu bidez eskatu eta bertan jaso, hori da formula.
Horrela, lana arintzeaz gain, plazara iritsi eta mahai hutsarekin topo egiteko arriskurik ez dago. Goiz osoz pasa daiteke bila eroslea.
Transmisioa xede
Peñak edo bere guraso zein aitona-amonek ezagututako Azokak ez dira berdinak. Ezta Pioren semeak, Iñakik, etorkizunean ezagutuko dituenak ere.
Egun elkarrekin dihardute lanean, haria eten ez dadin. Belaunaldiz-belaunaldi lanean jarraitu eta lurra osasuntsu mantentzearen garrantzia transmitituz, ikasketa akademikoetatik kanpo ikasten den hori barneratuz egunez egun.