Haziak ernetzen hasi dira: zertan ari gara baratze eta soroetan otsailean? - Tolosako Azoka

Haziak ernetzen hasi dira: zertan ari gara baratze eta soroetan otsailean?

#Azoka lagunak #Baratzea #Baserria
“Zaintza, lurra, berehalako etekinari iskin egitea, pertsonon eta inguruaren arteko harmonia, denbora estimuluz hustea, pantailez haratagoko komunikazioa… Bestelako mundu batez mintzo garenean, ez al gara baratzeaz ari?” - Sustrai Colinaren hitzaurrea Jakoba Errekondoren 111 hostoz eta orriz jantzi liburuan.

Ernetzen hasteko negua amaitzen ari dela sentitu behar omen du haziak: orain egunak luzatzen ari direla eta eguzkia ere ordu gehiagoz jasotzen dugula, udazkenean bildu genituen hazi horiek erein eta landatzeko momentua da. Guztia prest daukagu udaberriarekin batera uzta berria jasotzen hasteko.

Otsaila: zer ari gara egiten gure baratza eta soroetan?

Batetik, eta urtarrilean hasi ginen modura, gure lur sailak antolatu eta konpontzeko lanetan ari gara. Lurrak ongarritzeko garaia da: simaurra edo luarra, ongarri organikoa zabaltzeko momentua da. Karea edo sutako erabili izan den errautsa ere zabaltzen da maiz lurra ongarritzeko.

Ereiteari dagokionez, baratxuria, uraza, kukulua, erremolatxa, zerba, eta ziazerbarekin ari gara lanean. Ia urte osoan jaso ahal izango dugu barazki hauen uzta. Garaiko produktuei dagokienez, baba eta ilarra ditugu orain preziatuenak (martxo amaieran hasiko gara uzta hau biltzen), baina baita patata, alberjinia eta piper berde edo gorria ere: landatu eta maiatza-ekainerako jasoko dugu uzta. Tomate haziak ere ereiten hasi gaitezke, maiatza-ekainean landatu eta uztailetik aurrera jasotzen hasteko. 

Esan modura, baba eta ilarra dira orain gogotsu espero ditugunak: orain ereiten dira azkenak (lehenak irailean ereiten dira, aldaeren arabera). Eguna luzatzen hasten denean, segituan loratzen dira. Batzuk hasi dira, begiratu bestela Aritzeta Barazkiak-en argazki hau:

Ilarren kasuan, maiz jasotzen dira lekak. Txikiak direnean biltzen dira, landareak gehiago eman ditzan. Ilar txiki horiei “malko-ilarra” deitzen zaie, eta gutizia bat dira: laster ikusiko ditugu azokan! Baben kasuan orain ereindakoak maiatza alderako egongo dira. Ilarrak bezala, txikiak direnean biltzen badira landareak leka gehiago hazteko aukera izango du.

Landatuta ez dugu oraindik barazki asko ikusiko: tipulina, tipula gorria, uraza, udaberriko aza, eta ziazerba. Berotegian, erremolatxa gorria, borraja eta ziazerba; besteak beste.


Baina garaiko landare eta loreak bai ikusiko ditugula! Bitxiloreak, bioletak, biolak, Sanjose loreak, dragoi-muturrak… Zuhaitzak ere hasiko dira loratzen; hala nola, mimosak (lore honen inguruko artikulu berezi bat irakurri dezakezu hemen klik eginda).

Frutarboletan egon daitezkeen usteldutako fruituak ere bildu behar ditugu hilabete honetan, horrela, hurrengo urtean gaitza bera zabaltzea saihestuko dugu. Zuhaixken aldaxkak ere landatzen hasi daiteke, hauek ugaltzeko.

Guztiok hasiko gara gure negutegietatik ateratzen? 

Kontaiguzu Tolosako Azokako zein produkturen zain zauden! 😉
(Informazioaren iturria: Bizi Baratzea – Jakoba Errekondo)