Azoka lagunak obradorean - Tolosako Azoka

Azoka lagunak obradorean

#Azoka lagunak
Udaberriko sasoiari amaiera emateko asmoz, garaian-garaiko hezurdun-fruituekin gozoak egiten ikasteko ikastaroa izan genuen Azoka Lagunok joan den ostegunean, Gozona gozotegiaren eskutik.

Gerezi eta melokotoiez beteriko tarta nola egiten den ikasi genuen, eta fruta-marmelada egiteko hainbat aholku ere eman zizkiguten. Aurreko hilabetean Azpiazuren haztegian izandako ikastaroan landare aromatikoak ezagutuz usaimena landu bagenuen, azken ikastaro honetan dastamena lantzeko aukera izan dugu.

Udaberriko azken azokarekin bat eginez eta udako fruituei sarrera emateko, joan den ostegunean sasoiko fruituekin egiteko moduko tarta errezeta bat egiten ikasteko aukera izan genuen Azoka Lagunok egin genuen ikastaroan. Gozona gozotegiko Raquel eta Javik euren obradorea erakutsi eta arratsalde-giro ezinhobean pausoz-pauso irakatsi ziguten gerezi eta melokotoi tarta prestatzen.

Gerezien tarta errezeta:

Osagaiak:

Brise pasta egiteko:

-500gr. gari-irin
-250gr. gurin
-50gr. azukre
-Goilarakada bat limoi-zuku eta 7 goilarakada ur.
-Arrautza bat.
-Gatza

Barrubetea egiteko:

-Kilo bat fruta, nahiago dugun proportzioan
-200gr. azukre
-30gr. maizena
-Banilla leka bat
-½ litro esnegain
-2 arrautza

Hauek dira fruta-tarta prestatzeko urratsak:

  1. Tarta prestatzen hasi baino egun bat lehenago, frutei hezurra kendu, moztu eta 200gr. azukrerekin nahastu. Film-paperarekin bildu eta gauean beratzen utzi. Brise pasta egiten hasi baina pixka bat lehenago, 30gr. maizena geitu frutari, eta berriz ere beratzen utzi.
  2. Brise pasta egiteko, 500gr. irin, 250gr. gurin, 50gr. azukre, gatza pixka bat eta arrautza bat nahastu. Eskuekin landu, masa uniforme bat lortu arte.
  3. Brise pasta hozkailura sartu ordubete, pixka bat gorotu dadin.
  4. Tarta egiteko moldea irineztatu, itsasi ez dadin, brise pasta arrabola batekin zabaldu eta moldean jarri.
  5. Beratzen izan dugun fruta gehitu.
  6. Litro erdi esnegain eta bi arrautza nahastu, eta frutari gehitu.
  7. Soberan dugun brise pasta tiretan moztu eta tartaren gainean jarri. Arrautza batekin margotu eta labean sartu 150ºtara. Labearen behekaldean jarri, tartaren behekaldea ondo egosi dadin. 20-30 minutuz labean utzi, brise pasta egosi arte, eta listo! Prest izango dugu gure fruta-tarta.

Nahi izanez gero, glutenik gabeko irinak erabili daitezke: garbantzu-irina, arto-irina edo glutenik gabeko beste edozein irin. Hauek erabiliz gero orea sekoagoa geratuko da, eta ura edota beste edozein likido gehitzea beharrezkoa izango da.

Gogoratu  hilabetero-hilabetero antolatzen ditugula Azoka Lagunentzako esklusiboak diren ikastaroak (sukaldaritza ikastaroak, hitzaldiak, bisita gidatuak…). Ikastaro hauetara izen emateko aukera jasoko duzu, gure newsletterrera harpidetuta.