Eguberrietarako otorduak, Azokako produktuekin - Tolosako Azoka

Eguberrietarako otorduak, Azokako produktuekin

#Azoka lagunak #Errezetak #Ikastaroak #Produktuak
Azoka Lagun askok hartu zuten parte astearteko ikastaroan, bai presentzialki eta baita streaming bidez ere. Azokan eros daitezkeen produktuak erabiliz Eguberri hauetan egiteko moduko hiru errezeta kozinatzen ikasi genuen.

AMA tabernako Javi Rivero eta Gorka Ricoren eskutik, Tolosako Azokan eros daitezkeen produktuak identifikatzen ikasteko, eta bertako produktu horiek eguberritako mahaira eramateko 3 elaborazio ezberdin egiten ikasteko aukera izan genuen.

Hauek dira ikastaroan kozinatu ziren platerak egiteko jarraitu beharreko urratsak:

  • Porru eta perrexil entsaladilla izokin ketuarekin

Osagaiak: Porruak, perrexila, gurina, maionesa, izokin ketua, piperbeltza, gatza eta oliba-olioa.

  1. Porrua fin-fin moztu eta gurin pixka batekin sutan jarri, bigundu dadin. Biguntzean sutik kendu eta azkar hoztu, porruak kolorea gal ez dezan.
  2. Porrua hoztean, momentuan txikitutako perrexila, piperbeltza, gatza eta maionesa gehitu. Honekin, gure entsaladillaren oinarria prest izango dugu.
  3. Entsaladilla platereratu, izokin ketua gainean jarri, eta listo! Gure entsaladilla prest izango dugu!
  • Onddo eta xixak beren pilpilarekin

Osagaiak: Onddoak, xixak, oliba-olioa, ekilore-olioa, bi arrautza gorringo eta gatza.

  1. Onddoak, oliba-olio pixka batekin su altuan jarri, gelatina aska dezaten. Olioa berotu eta hotsa ateratzean, sua baxutu eta onddoak kozinatzen utzi.
  2. Onddoak prest daudenean, erdiak jaso eta beste erdiak irabiatu, oliba-olio pixka bat gehituz, honela sortuko dugu gure pil-pila.
  3. Xixak eskuekin zatitu, fibrak apurtu beharrean elkarrengandik banatzeko, eta ekilore-olio pixka batekin salteatu.
  4. Xixa salteatuei bi arrautza-gorringo gehitu eta dena batera nahastu.
  5. Xixak platereratu, onddoak eta euren pil-pila gehitu, eta listo! Prest dugu gure platera.
  • Hirugiharra, barazkitxo erreak eta azelgak, gaztain kremarekin

Osagaiak: Hirugiharra, soja-saltsa, azenariotxoak, tipulatxoak, brokolia, gaztainak, azelgak, gatza, oliba-olioa, baratxuria eta patata.

  1. Azelgaren zati zuria, patata eta baratxuria txiki-txiki zatitu, oliba-olio pixka bat gehitu, urez estali eta sutan jarri.
  2. Barazkiak egosteko denbora murrizteko, txiki-txiki moztea gomendagarria da. Honela, azkarrago berotuko dira eta sutan denbora gutxiago beharko dute.
  3. Patata egosia dagoenean, azelgaren hosto berdea gehitu. Hau, azelga purea berde gera dadin egingo dugu, azelga-hostoa hasieran bota ezkero hostoa belztu egiten baita.
  4. Gaztainei azala kentzeko, irakiten dagoen uretan sartu, eta pare bat minutu pasatakoan ur hotzetan sartu. Era honetara, azala erraz askatuko zaie.
  5. Azalik gabeko gaztainak eta patata sutan jarri eta ur eta oliba-olio pixka bat gehitu.
  6. Gaztainak eta patata egosiak daudenean, sutik kendu eta irabiatu.
  7. Tipulatxo eta azenariotxoak irakiten dagoen uretan egosi, 5 minutuz.
  8. Brokolia zatitu eta sueztitu.
  9. Hirugiharra zatitu eta plantxan kozinatu (labean ere egin daiteke).
  10.  Gaztaina krema platereratu.
  11.  Gaztain kremari gainetik azelga pure apur bat gehitu.
  12.  Krema eta purearen gainean hirugiharra eta barazkitxoak platereratu eta gure platera prest egongo litzateke!

Honekin guztiarekin… kitto! Azokako produktu freskoak erabiliz, Eguberri hauetan egiteko moduko 3 errezeta erraz hauek prest izango ditugu. Proba itzazu etxean, ziur sekulako arrakasta izango duzula-eta!

Nahi izanez gero, Javi Rivero eta Gorka Ricoren argibide guztiak ikus ditzakezu bideo hauetan: