Zuk ere ikusi duzu fruitu ezezagun hau azokan? - Tolosako Azoka

Zuk ere ikusi duzu fruitu ezezagun hau azokan?

#Azoka lagunak
Entzun duzu inoiz txaiotaren berri? Kukurbitazeo (landare igokarian familia) bat da eta oso zabalduta dago Erdialdeko Amerikan.

Ziur aski, azken astetan azokatik igaro bazara, fruitu hauen aurrean, harrituta, geldialditxo bat egingo zenuen. Asko izan dira zerkausiko postura hurbildu eta hauengatik galdezka ibili direnak.

Produktu berezi honek txaiota du izena, eta nahiz eta guretzat ezezaguna izan, Hego Amerikan oso fruitu arrunta da. Maia- eta azteka-zibilizazioek luze landu zuten fruitua Mesoamerikan; ondoren, mundu osoan zehar sakabanatu zuten espainiar kolonizazioaren garaian. Jatorriaren kokapena zehatza ez bada ere, Mexikon eta Erdialdeko Amerikan zabaldua da.

Baratzan, tenperatura neutroa eta ur kantitate asko behar dute Txaiotak. Heltze-zikloan, berde ilunetik hasi eta ia zurira doan kolorea hartzen du: geroz eta kolore argiagoa orduan eta xamurragoa egongo da.

Azal distiratsua eta gogorra izaten ditu, arantzaz estalita egon daitekeena edo ez. Barruan hazi txapal bat dute, mamiaz gain jangarria direnak. Orokorki, pieza bakoitzak 500 gramo inguruko pisua izaten dute, nahiz eta batzuk 2 kilogramotara ere iristen diren!

Aipatu moduan asko kontsumitzen da Latinoamerika osoan, eta sukaldean, kalabazaren erabilera antzekoa ematen zaio (landareari ematen zaion izena hau da: chayote, mexikarrez chayotli, kalabaza arantzatsua esan nahi baitu) karratutxotan moztuz eta zopetan eta gisatuetan gehituz.

Irakurri dugunez, txaiotaren zaporea konpara ezina da eta behin sukaldean izateko ohitura hartzean, ez dago atzera bueltarik. 

Platera sinpleak aberasgarriak bihurtzen ditu eta fruitu berriekin berrikuntzak egiten gozatzen duen horietakoa bazara… azokan aurkituko dituzunekin esperimentatzea gomendatzen dizugu! Hona hemen aukera batzuk:

1. Gordina

Entsalada estiloan, txaiota entsaladak freskagarriak eta zaporez beteak dira. Zure gustuaren arabera doitu ditzakezu osagaiak eta kantitateak.

2. Salteatua

Adibidez, oilaskoarekin. Txaiota zati txikietan moztu eta gehien gustatzen zaizun produktuarekin zartaginetik pasa behar da. Prestaketan sinpletasunagatik eta azkartasunagatik nabarmentzen da, edozein otorduetan jan daitekeena.

3. Gisatua

Txaiotak zatitxoetan salteatu, sasoiko barazkien zatitxoekin batera. Gehitu ura eta utzi dena su motelean egosten barazkiak samur egon arte. Platera honek, denboraldiko zaporeak dastatzeko aukera ematen du.