Hauek dira hitzaldian aipaturiko 7 galdera azpimarragarrienak:
Zein da bertako produktuak kontsumitzearen garrantzia?
Gertuko produktuak kontsumitzeak onura ugari dituztela azpimarratu zuten bi dietista-nutrizionistek. Izan ere, KM0 elikagaiek, inguruko ekonomia sustatzeaz gain, gure ongizatean ere eragin positiboa dute. Gertuko produktua kontsumitzean, garaian-garaikoa kontsumitzen ari garela ziurta dezakegu. Bere heltze une optimoan jasoa dago eta, honi esker, mantenugai eta nutrienteetan aberatsa da, gainera.
Jaki prozesatuak osasunarentzako kaltegarriak dira?
Ez dute zertan gure osasunerako kaltegarriak izan, eta kasu batzuetan onuragarriak ere izan daitezke, prozesatzeko era asko baitaude. Garrantzitsuena jakiak zertarako prozesatu diren jakitea da. Tolosako Azokan aurki ditzakegun jaki prozesatuen kasuan, haien kontserbazio prozesua luzatzeko egiten da, eta kasu honetan ez du barazki edota produktu horien nutrizio-balioengan inolako eraginik.
Nola kontserbatu azokan erositako barazkiak?
Tolosako Azokan erosiriko barazki freskoak era optimoan kontserbatzeko, etxera iritsi bezain laister hauek garbitzea da garrantzitsuena. Era honetan, jasotzean barazkiei itsatsita geratu diren eta haiek ongi kontserbatzea ekiditen duten mikroorganismoak kenduko ditugu. Momentuan kontsumitzeko barazki edota fruituak badira, zatitu eta zuzenean kozinatu daitezke. Denbora gutxira kontsumitzeko produktuak badira, hozgailuan kontserbatzea da egokiena, eta epe luzera kontsumitzeko produktuak badira, zatitu eta izozgailuan jaso daitezke.
Zein da barazkiak eta bestelako produktuak desizozteko era egokiena?
Barazkiak eta bestelako produktuak izoztean, haiek dituzten bakteria eta mikroorganismo txikiak lokartzea lortzen da, eta horrek eragiten du produktu horiek denbora luzez kontserbatu ahal izatea. Horregatik, garrantzi handikoa da desizozte prozesua ere modu egokian egitea.
Produktuak era egokian desizozteko bi modu daude. Lehenengoa, produktua izozgailutik hozgailura pasatzea kontsumitu baino 24 ordu lehenago, pixkanaka desizoztu dadin, eta bigarrena, kontsumitu nahi den produktua izozgailutik zuzenean lapikora pasatzea.
Zer egin daiteke lekaleen digestioa errazteko?
Jakina da lekaleek digestio pisutsua eragiten dietela askori. Lekaleen azalak digeritzen ez diren azukre eta antinutriente naturalak izaten dituzte, eta antinutriente horiek digestioa zailtzen dute.
Hori saihesteko, lekale guztiak kozinatu aurretik beratzen uztea gomendagarria da, antinutriente horiek uretan aska ditzaten. Gainera, oso garrantzitsua da ur hori kozinatzeko ez erabiltzea.
Lekaleak egosterako garaian, gengibre zati bat gehitzea ere gomendatzen da, digestioa erraztearren.
Zein proportziotan jan behar ditugu barazki eta produktu freskoak?
Dieta orekatua egiteko, kontsumitzen diren elikagaien % 50-a landare-jatorrikoa izatea gomendatzen da. Horien artean barazkiak, fruituak, zerealak edota lekaleak.
Hitzaldia ikusteko aukerarik izan ez bazenuen, hemen ikus dezakezu:
Eta gainera, hemen uzten dizuegu nutrizio taula xehetua, deskargatzeko eskuragarri: