Oilo, oilar, oilanda… asko dira Gallus Gallus domesticus espezieko hegazti hauek izendatzeko erabiltzen ditugun hitzak, baina horrek ez du esan nahi animalia bati buruz bakarrik ari garenik. Hona hemen euren arteko ezberdintasunak eta beste hainbat bitxikeria:
Oiloa: Hegazti emea da, moko sendoa, gandor gorria eta luma ederrak dituena. Jaio eta 5-6 bat hilabetera hasten da arrautzak jartzen, eta 2 urte inguru dituenean jartzen du arrautza gehien.
Oilarra: Oiloaren arra da. Oiloen tamaina bikoitza izaten du normalean, 4 eta 5 kilo artean pisatzeraino. Gandor gorri handi bat izaten dute buruaren gainaldean. Eurak dira goizean-goizeko karakaren (Kikiriki ezaguna) protagonistak. Animalia poligamoak dira, eta euren inguruko oilo guztiak babesten dituzte.
Kapoia: Oilar kastratua da. Kilo t’erdi inguru pisatzen dituenean kastratzen da. Era honetan, kapoiaren gaitasun hormonala murrizten da, eta jan eta lo besterik ez du egingo. 6 kiloko pisua har dezake, eta gehienbat giza-kontsumorako hazten dira, euren haragia oso samurra baita.
Oilaskoa: Oilar gazteari deitzen zaio. Normalean erosi eta jaten duguna da. Arraroa badirudi ere, bereziki duen tamainagatik, kontsumorako oilaskoak ez ditu bi hilabete baina gehiago izaten harategietara iristen denean.
Oilanda: Oilo gaztea da oilanda. Oilaskoarekin batera, kontsumorako ohikoena da oilanda, baina askotan hazten uzten da, oilo bihurtu eta arrautza gehiago jar ditzan.
Oilaloka: Arrautzak jarri eta haien gainean jarrita txitatzen aritzen den oiloa da oilaloka. Jarrera hau oilo batzuek ama izateko sena pizten zaienean erakusten duten jokabide instintiboa da, eta arrautza errunaldi bakoitzaren ondoren jariaturiko prolaktina izeneko hormona baten agerraldiaren ondorioz sortzen da.
Oiloa lokatua dagoenean, bere lumak kizkurtu egiten dira eta izaera oldarkor samarra erakusten du. Gainera, arrautzen errutea eteten du, 21 eguneko inkubazio epea hasiz, eta ondoren beste 8 edota 10 astez arrautzarik errun gabe geratzen da txitak zaindu bitartean.
Txita: Oilo-kume jaioberria da txita. 21 egunez arrautzaren barnealdean garatu ondoren luma horiz estalita jaiotzen da.
Horiek dira oilategian aurki ditzakegun animaliak, oso antzekoak euren artean, baina oso ezberdinak aldi berean. Artikulu hau irakurri ondoren, ez dugu ezberdintzeko inolako arazorik izango. Gogoratu, gainera, bai oilo eta baita oilanda arrautzak ere Tolosako Azokan aurki ditzakezuela.
Lehen aipatu bezala, oilanda oilo eme gaztea da, eta arrautza jartzen hasiberria beraz. Bere arrautzak oilo arrautzak baina txikiagoak dira tamainaz, eta barnealdean, gorringo handi eta zuringo txiki batez osaturik daude.
Oilanda horiek handitzen joan ahala, oilo bihurtuko dira, eta erruten dituzten tamaina ere handitzen joango da. Bitxikeria bezala, aipatu beharra dago posible dela oiloak zaharrak diren jakitea erruten dituzten arrautzen zuringoa ikusita. Oiloak zahartzen doazen heinean, erruten dituzten arrautzen zuringoa gero eta likidoagoa bilakatzen da, sendotasuna galduz.