Nola erre sagarrak etxean - Tolosako Azoka

Nola erre sagarrak etxean

#Azoka lagunak #Produktuak
Asko dira sagarrak jateko moduak; bere horretan, beste fruitu batzuekin nahastu eta mazedonia eran, sagar-tarta gozo batean, konpota eran… Gaurkoan aldiz, sagarrak dastatzeko aspaldiko errezeta gozoenetako bat dakarkigu: Sagar erreak

Bitamina, mineral, antioxidatzaile eta zuntzez jositako fruitua da sagarra. Gure hidratazioa mantzentzeko oso eraginkorra da, %80ean urez osatua baitago, eta gosea ekiditeko jaki ezinhobea da, kaloria gutxi izanik asetzeko ahalmen handia baitu.

Badira ezezagunak diren sagarren beste hainbat onura ere: bazenekien, adibidez, sagarra gure bihotzaren osasunerako onuragarria izan daitekeela? Ba halaxe da. Mineral, bitamina eta antioxidatzaileetaz gain, Pektina baita sagarren osagaietako bat. Zuntz hau, kolesterola murrizten eta gaixotasun kardiobaskularrak saihesten lagungarri izan daiteke.

Sagarrak jateko erarik zaharrenetako bat da labean errea jatea. Gure inguruko baserrietan udazken hasieran jasotako sagarrak bildu, eta azokan saltzen ez zirenak, denbora luzez jasotzen ziren, etxekoek jateko. Sagar horiek ekonomika edota egur-labeetan erretzen ziren ondoren.

Gutxi dira gaur egun ekonomika edota egur-labe horiek dituzten etxeak, baina ez kezkatu, etxeko labean edota mikrohuin labean ere sagarrak erretzea posible baita.

Azokan erositako edozein sagar erre daiteke labean edota mikrohuin labean, baina aproposenak Errezil/Errege sagarra edota Reineta sagarra dira. 

Erre sagarrak mikrohuin labean

Etxean era erraz eta azkar batean sagarrak erretzeko aukera on bat da mikrohuin labean erretzea.

Horretarako, sagarrak pixka bat busti eta azukre edota ezti pixka bat botako diegu gainetik. Hori egindakoan, mikrouhin labean sartuko ditugu 10 minutuz potentzia maximoan.

Mikrouhin labetik atera eta hozten utzi ondoren, prest izango dira!

Erre sagarrak labean

Sagarrak labean erretzeko, labeko erretilu batean jarri eta azukre edota ezti pixka bat gehituko diegu, erretzean sagarrek botatako urarekin karamelizatu daitezen (eztia bota ezkero ere oso gozoak geratzen dira, eta osasungarriagoak dira). Labea 180ºtara berotu eta sagarrak 20-30 bat minutuz sartuko ditugu. Sagarren tamainaren arabera labean denbora gehiago edota gutxiago beharko dute, beraz noizean behin begirada bat ematea komeni da.

Sagarrak prest daudenean, labetik atera eta hozten utziko ditugu (beroak ere jan daitezke noski!).

Eta listo! Gure sagar erreak dastatzeko prest izango ditugu!