Nola aukeratu zein landaretik atera haziak? - Tolosako Azoka

Nola aukeratu zein landaretik atera haziak?

#Baratza #Ikastaroak
Bioanizatasuna sustatu eta bermatzea bada Eneko Imaz azokagilearen xedeetako bat. Horregatik da Aleka hazi-ekoizle ekologikoen sareko kide. Elduaienen du baratze ekologikoa. Landaretik haziak eskuratzeko oinarrizko azalpenak eman ditu Azoka Lagunekin egindako hilabete honetako ikastaroan.

Bertan, elikagaien aniztasunaren abantailak aletzeaz gain, haziak zein landaretik atera aukeratzeko gidalerroak ere eman ditu. “Badira aholku orokor batzuk laguntzen dutenak, baina frogak egitea da maiz teknika fintzeko tresnarik onena. Esperientziak asko irakasten du”, nabarmendu du.

Hurrengo ezaugarri sortaren konbinaketa duena izango da landare aproposena:

Hazkuntza

Haziak eskuratzeko erabiliko dugun landarea aukeratzeko garaian kontuan izan beharreko lehen ezaugarria landarearen hazkuntzaren balorazio orokorra da. Osasuntsu hazitakoa izatea, erritmo onean eta interesatzen zaizkigun ezaugarriekin (hosto onekoa izatea, gorputz handikoa…).

Erresistentzia

Ura, klima, izurriteak… Elementu desberdinei aurre egiteko gai den landarea interesatuko zaigu, sasoiko oztopoei aurre egindakoa.

Emankorra

Fruitu edo landare onak emandako aleak erabiltzea, etorkizuneko osasun mehatsuei aurre egiteko lagungarria izan daiteke.

Garatze-denbora

Ekoizlearen beharren arabera, garatze berantiarra edo fruitu goiztiarra emango duen landarea izango da komenigarriena. Horregatik, hala hazitako landaretik jasoko dugu hazia. Hosto askokoa nahiago badegu, azkar haziko dena, gehiagotan jasotzeko. Gorputz handiagokoa nahiago badegu, ziklo luzeagokoa, adibidez.

Dibertsitatea

Baldintza aldaketa eta etengabe sortzen diren erronkei aurre egiteko, dibertsitate genetikoa da gakoa, baita elikagaien kasuan ere. Komeni da landare desberdinetatik jasotzea haziak, eta barietate ugari lantzea, txandaka bada ere.

Handiena ez da hoberena

Gezurra badirudi ere, hazia hartzeko landarea aukeratzeko orduan, handiena hartzea ez da komeni. Tentazioa izaten da, tamainak erakarrita, baina hazkundean izandako alterazioren baten ondorio izan liteke.