Non erosi frutarbolak - Tolosako Azoka

Non erosi frutarbolak

#Azoka lagunak #Baratza #Baserria
Aurten ez da Zuhaitz eta Landare azoka berezirik ospatuko Tolosan, eta Atadi kalean ere ez da posturik jarriko datozen asteotan. Zuhaitzak erosteko aukera bermatzeko, nola erosi azaltzen dizugu jarraian.

Landare eta zuhaitz azoka berezia egiteaz gain, urteko lehen hilabetetan ohikoa izaten zen hamabostaldian behin larunbatetan Atadi kalea zuhaitzez josita ikustea. Aurten, ordea, ez da zuhaitzen salerosketarako aukerarik izango covid-19-ak eragindako egoeraren ondorioz, baina bertara gerturatu ohi zen azokagileak harremanetarako bere datuak guztion eskura jarri ditu, zuhaitzen bat erosi nahi izanez gero, aukera izan dezazuen. 

Jarraian bere kontaktu datuak utziko dizkizuegu:

Justo Dorronsoro Zurutuza
Telefonoa: 608 57 93 01
Helbidea: Zelebar etxea, 20211, Ataun.

Berak azalduko dizue salgai dituen fruta-zuhaitzen eta baso-zuhaitzen eskaintza, eta haiek landatzeko moduari buruz dudaren bat izanez gero, berak argituko dizue. 

Zeintzuk dira gure inguruan ohikoenak diren frutarbolak?

Sagarrondoa

Klima epel eta euritsua behar duen zuhaitza da sagarrondoa, beraz, ongi moldatzen da gurean. 3-6 urte bitartean hasten dira fruituak ematen, ordura arte hazkunde prozesuan izaten baitira eta, ondo zainduz gero, 50-80 urtera arte jarraitzen du fruituak ematen.

Sagarrondo mota asko daude, baina gehienak udaberrian loretzen dira. Fruitua, berriz, iraila amaieran eta urrian jasotzen da normalean. Badira lehenago jasotzen diren barietate batzuk ere, hala-nola, San Juan sagarra. Izenak iradoki bezala, ekainaren amaieran jasotzen da.

Sagarrondoek badute, gainera, beste fruta-zuhaitz batzuek bezala, fruituen ekoizpenean eragiten duen bitxikeria bat, izan ere, sagarrondo mota askok bi urtetik behin izaten dute uzta handia ekoizteko ezaugarria, urte batean sagarra ematen dute eta bestean zuhaitza hazi edo indartu egiten da, berezko ezaugarri horren bidez urte luzez bizi eta sagarra ematen jarraitu ahal izateko egokitze bat garatuz. 

Udareondoa

Klima epel eta euritsua behar duen zuhaitza da. Aurreko biekin alderatuta, zertxobait ahulagoa da, izotzaldiek gehiago eragiten baitiete. 4-6 urte inguru dituenean hasten da fruituak ematen, eta zainketa on batekin 50-60 urtez eman dezake fruitua.

Udaberrian loretzen da eta bere fruituak uda amaieran eta udazkenean ematen ditu. Gainera, sagarrondoa bezala, udareondoak ere urte ona eta urte ahula izaten ditu fruitu ekoizpenean, bi urtez behin uzta murrizten baita.

Intxaurrondoa

Aipatu ditugun fruta-zuhaitzen artean handiena da, 20-30 metroko altuera izan baitezake. 5 urte inguru dituenean hasten da fruituak ematen, eta heldutakoan, urtean 150 kg. fruitu ematera irits daiteke.

Intxaurrak udaberriko beranduko hizotzaldiekin asko sufritzen dute eta baita lur oso astun eta hezeetan. Fruituak  irailean edota urrian jasotzen dira normalean, eta beste zuhaitzen fruituekin gertatzen ez den bezala, jasotzeko lehen  oskola kendu eta lehortzen utzi behar dira. Normalean kontsumitzen diren intxaurrak aurreko udazkenean jasotakoak izaten dira eta komeni da urtean urtekoak izatean.

Intxaurrek badute beste bitxikeria bat. Ba al zenekien oskola bikoitza izaten dutela? Intxaurrak jasotzean, berde koloreko oskola bigun batez estaliak izaten dira, oskol honen izena zokolin, zokoten, zoketen, sokolin, mozkotz…da lekuaren arabera eta honen barruan izaten dira intxaurrak, oskola gogorraren barruan. Gainera, lehen oskola berde hori oso erabilia izan da gauzak koloreztatzeko edo tintatzeko, nogalina bezela ezagutzen den tinta oso itxaskor bat ekoizten bait da berarekin, adibidez altzariak tintatzeko erabiltzen dena.

Gereziondoa

Muturreko klimetara hobeto egokitzen den zuhaitza da, hotza eta beroa oso ondo jasaten baititu. Ez du sagarrondoak bezain beste ur behar, baina ongi egokitzen da gure lurretara. 6 urte inguru dituenean hasten da gerezi ugari ematen, eta zainketa ona bada, 50-80 urte iraun ditzake fruituak emanez.

Gereziondoa martxo-apiril inguruan loratzen da, eta fruitua maiatzean edota ekainean ematen du.