Orain, berriz, denboraldi berriko sagardo hau dastatzeko aukera izan dugu! Txotx denboraldia hasi baino 3 egun lehenago, gu izan gara sagardo berria dastatzen lehenak 🤤
Denboraldi honetan zehar sagardotegiak ezkutatzen dituen sekretu eta lan guztiak ezagutzen aritu gara Isastegiko Joseba Lasaren eskutik. Lehengo urteko irailean, Aldabatxikin dituzten sagar barietateak erakutsi zizkigun. Horrez gain, sagar hauek nola bildu, bereiztu, garbitu eta txikitzen dituzten ikusi genuen. Zukua atera, eta fermentatzen ari zirela ikusi ahal izan genuen (pixka bat ere probatu genuen).
Refraktometroa erabiltzen erakutsi zigun Josebak, eta sagarren inguruko hainbat bitxikeria ikasi genituen hauek ahora eramaten: hemen klik eginda ikusi ditzakezu Isastegin egon gineneko argazkiak eta informazio guztia!
Orain berriz, fermentazio hau igarota, sagardo berria dastatzeko unea iritsi da. Hasieran, aurtengo uzta eta sagardoari buruz aritu zitzaigun Joseba: urtarrila denez (eta egiten duen hotza ikusita) oraindik botilaratzeko pixka bat falta zaiola kontatu zigun; hori bai, lehen pertsonan frogatu genuen kupeletik edateko punttuan dagoela! Kupelen inguruan ere aritu ginen: egurra, inoxidableak, oxigenazioa gora eta behera… bertaratu zirenen zalantzak argitzeko baliagarria izan zen. Aurtengo uzta oparoak, sagardo argi bat utzi digu. Dastatzeko modukoa!
Kupeletik, botilatik, eta latatik (Isastegiren berrikuntzetako bat da hau!) dastatu genuen sagardoa; denak ezberdinak. Gustuentzako.. sagardoak!