Azoka Lagunak Isastegi Sagardotegian - Tolosako Azoka

Azoka Lagunak Isastegi Sagardotegian

#Azoka lagunak #Ikastaroak
Azoka Lagunentzat antolatzen diren ekimen eta ikastaroen barruan, Isastegi sagardotegia bisitatu genuen aurreko larunbatean. Lasa familiko 3. belaunaldia ari da orain Aldaba Txikin kokatutako baserri honetan lanean: Joseba eta Mikelekin izan ginen bertan.

20 azoka lagun bildu ginen Isastegin larunbat goizaldean, eta goiz ederra pasa genuen eguzkipean, haur zein heldu, sagardotegiak ezkutatzen dituen sekretu eta lan guztiak ezagutzen.

Hasteko, baserrian dituzten sagar-barietateak erakutsi zizkigun Joseba Lasak: Mozoloa, Goikoetxea, Urtebi Haundi eta Moko. Guzti hauek dastatzeko aukera izan genuen, eta bata zein bestearen arteko ezberdintasunak komentatzen aritu ginen.

Sagardoa egin ahal izateko, barietate hauetako bakoitza bere heldutze-puntu egokian jasotzearen garrantziaz aritu zitzaigun Lasa, eta hau nola kalkulatzen duten ere erakutsi zigun. Sagar barietate bakoitzeko unitate bat erditik ebaki, eta yodoz egindako nahasketa bat igurtzita, sagarrak momentuan duen azukre kantitatea ikusi ahal izan genuen: sagarrak gero eta kolore ilunagoa hartzen badu, azukre gutxiago duen seinale.

Refraktometroa erabiltzen ere erakutsi zigun, eta gutako batzuk izan genuen geure kabuz erabiltzeko aukera ere. Honekin, sagarrak duen azukre-maila kalkulatuz, behin fermentatuta zenbat alkohol izango duen jakin ahal izango dugu (mahatsekin berdina egiten da, ardoa atera aurretik).

Behin hori guztia ezagututa, sagar hauekin sagardoa nola ekoizten duten ikusi ahal izan genuen: nola garbitzen duten, eskuz sailkatu, zukua atera, eta fermentatzen utzi (pixka bat ere probatu genuen). Sagar barietate guzti hauen nahasketa izango da datorren urtean Isastegiko barriketan dastatu ahal izango duguna!

Sagardo berri honen garaia iristeko desiatzen gelditu ginen denok!

Gogoratu zuk ere Azoka Lagunentzat egiten ditugun ikastaro eta bisita gidatuen berri izan nahi baduzu, gure buletina jasotzeko harpidetza egin dezakezula.