Nola egin sagar zukua etxean - Tolosako Azoka

Nola egin sagar zukua etxean

#Azoka lagunak #Ikastaroak
Jakingo duzun moduan, sagardotegi garaian murgilduta gaude 😋; baina oraindik egongo egongo da hemen aurtengo uzta dastatu ez duenik, edo gu gara bakarrak?

Horregatik, eta lehenbailehen gogo hori kentzeko, gaur bertan etxean egin dezakezun sagar zukua prestatzeko pausoak azalduko dizkizugu!

Garrantzitsuena sagar mota egokia aurkeratzea izango da. Kontuan hartu beharrekoa sagar gozoek, oro har, zuku gutxi ematen dutela da, eta garratzgarratzek, berriz, oso mamitsuak izanda, zuku gehiago eman ohi dutela. Hortaz, sagar garratzak aukeratuko ditugu: gure artean uler gaitezen, berdexkak direnak. 

Bide beretik, egoste prozesua desberdina izango da zatien tamainaren arabera; hala ere, barruan duten ura izango da gure interesekoa. Beraz, pixkanaka-pixkanaka zulatu beharko ditugu nahi dugun testura lortu arte.

Sagar zukua eginda ere erosi daiteke gure azokan, baina guk gaurko artikuluan, zukua modu azkar eta erraz batean nola egin erakutsiko dizugu; badakizu, bapatean etortzen diren gogoak gainetik azkar kentzeko.

Horregatik, egingo dugun prozesua berezkoa baino nahiko motzagoa izango da, eta prozesu tradizionalean ematen diren pauso zailenak egin gabe utziko ditugu, hala nola:

  1. Pasteurizazio prozesua. Sagar zukua kontserbatzeko 79-85 gradu artean pasteurizazio prozesua egin behar da. Honek esan nahi du zuku guztia tenperatura horretara eraman behar dela eta gero hermetikoki itxita mantendu edan arte.
  1. 24 orduz poteratuta mantendu

Sagar zukua zure etxean

Sagar zukua modu azkar batean egiteko pausoak dira ondorengoak. Horretarako, sagarrak (8 sagar), 2 ur litro, kanela eta azukrea beharko ditugu.

Lehenengo eta behin, sagarrak ondo-ondo garbituko ditugu, eta segidan, zatitan banatu. Gogoan izan zukua egiten ari garela, hortaz barruko pipitak ere kentzea litzateke komenigarriena. 

Ondoren, 2 ur litroan egosten utziko ditugu eta kanela gehituko dugu. Testura moldagarrian beharko ditugu sagar zatiak, hortaz, noizean behin zulatu egin beharko ditugu denbora gehiago behar duten ikusteko.

Behin testura gustatzean, fruta uretatik atera (erne! egosketarako erabili dugun ura azkeneko pausuan erabiliko dugu, ez bota!) eta sagar zatiak birrinduko ditugu. 

Iragazki batekin (eta koilara baten laguntzaz) sagar zatietatik zukua aterako dugu. Eta sortzen den zukuari egosketarako erabili dugun ura gehituko diogu: biekin sagar zukua sortuz. Momentu honetan eta bakoitzaren gustuen arabera, erabakiko dugu zenbat azukre gehitu.

Gomendio txikia:

Badakigu, bai, zaila dela parean daukagun zukuari tragoxka bat ez ematea, baina zukua hotzean edatea komeni da. Horrela, sagarraren zapore naturala mantenduko da.