Usaintzeaz gain JAN egin daitezkeen lore eta landareak, Azpiazu haztegian - Tolosako Azoka

Usaintzeaz gain JAN egin daitezkeen lore eta landareak, Azpiazu haztegian

#Azoka lagunak #Ikastaroak
Gero eta ohikoagoa da askotariko landare eta belar usaintsu (aromatiko) ezberdinak erabiltzea, zaporea eta kolorea modu osasuntsuenean emateko modu bikaina baita.

Hori dela eta, joan den ostegunean Iñigo Azpiazu eta Isabel Azurza ekoizleek Anoetan duten haztegira hurbildu ginen: ZENTZUMEN GUZTIAK JARRI GENITUEN MARTXAN! Bertan, lore eta landare aromatiko horiek nola hazten diren, haien jatorria zein den eta nola zaindu behar diren ikasteko aukera izan genuen, eta baita bitxienetako batzuk ezagutzeko parada ere!

Euskal sukaldaritza herrikoia nahiko arrotza izan da tradizioz, espezia eta landare usaintsuak erabiltzeari dagokionez. Lehen mailako kalitatezko produktuak izateak eta elikagaiei zapore nahikoa ematen zieten teknikak erabiltzeak, neurri handi batean, gure errezetei zapore gehiago eranstearen ideia urruntzen zuten. Joera hori apurka-apurka aldatzen joan da azken urteotan guretik oso urrun dauden jatorrietako errezetak eta platerak iritsi direnetik, eta gero eta ohikoagoa da osagai horiek gure plateretan aurkitzea; ezin hobeak baitira lehen aipatu ditugun kalitate handiko produktu horiei ukitu desberdina emateko, protagonismorik kendu gabe.

Joan den ostegunean Iñigo Azpiazu eta Isabel Azurzaren baratzera hurbiltzeko aukera izan genuen, eta Berdura Plazan duten postuan larunbatero saltzen dituzten landareak eta loreak nola landatzen eta zaintzen dituzten erakutsi ziguten. Zuetako batzuek gurekin joateko aukera izan zenuten, eguraldi ona lagun izan genuen arratsalde batean. Gozatu ederra hartu genuen!

Iñigok eta Isabelek lore eta landare usaintsu ezagunenak erakutsi zizkiguten lehendabizi, hala nola tipulina, menda, albaka, herrialde eskandinaviarretan hain ezagunak diren aneta (eneldo) eta mihilua (hinojo), perrexila edota martorria (cilantro). Azken bi horiei dagokienez, ba al zenekiten martorria Hego Amerikan oso erabilia den arren, bere jatorria europarra dela, eta perrexilaren kasuan alderantziz?

Era berean, gure platerei ukitu bereizgarria eman diezaieketen hosto eta lore jangarri asko daudela ere azaldu ziguten. Azahar lore tradizionalez gain (ezagutzen ez dituzuenentzat: laranjondo eta limoiondoen loreak dira, errege opilari hain bereizgarria zaion zapore hori ematen diotenak), bergamota landarearen hostoak, sagarrondo eta gereziondoen loreak, luisa belarra , txokolate menda edo piperita menda ere usaindu eta probatu ahal izan genituen.

Landare aromatiko bitxienak

Landare aromatiko gehiago ezagutzeko astia ere izan genuen. Iñigok eta Isabelek ezaugarri oso bereziak zituzten landare usaintsu bitxiak erakutsi zizkiguten. Horien artean, bere gozotasunarekin harritu gintuen Stevia landare ospetsua, oliba olio usain bereizgarri bat zerion Santalina Olivácea landarea edota bere lurrin anisatuarekin liluratu gintuen Shisho izeneko landare japoniar ezezaguna dastatzeko aukera izan genuen.

Baina, zalantzarik gabe, arreta gehien piztu zuen landare aromatikoa Itsas Mertensia izan zen. Jatorri eskoziarreko landarea, “Ostra hostoa” bezala ere ezagutzen da, barnean duen iodo kopuru handiak, itsas jaki preziatu haien antzeko zaporea ematen baitio.

Azkenik, zainketak

Ikastaroaren amaieran, gure landare usaintsuei (eta gainerakoei ere) ahalik eta etekinik handiena ateratzeko trikimailu batzuk erakutsi zizkiguten Iñigok eta Isabelek. Lehen aholkua lurra aske mantentzea izan zen, drainatze onarekin eta buztintsu bihurtzea saihestuz. Komenigarria omen da gainera landare usaintsuak eguzkitan mantentzea, menda eta albaka izan ezik, azken hauek erre egiten baitira eguzkiaren argitan denbora asko igarotzen badute.

Turba ona erabiltzearen eta ongarri naturalak erabiltzearen garrantzia ere aipatu ziguten, zizarearen hummusa kasu. Landareak zuzenean hazietatik landatuz gero, lurraren tenperatura egokiena, haziak erraz sor daitezen, 18º eta 20º artekoa omen da, eta hostoa protagonista duten landare usaintsuei dagokienez, lorea kentzea gomendatu ziguten, landarearen energiaren zati handi bat kontsumitzen baitu eta hostoak ahultzen baititu.

Norbaitek lore eta landare hauek ikusi, usaindu eta dastatu nahiz aholku gehiago nahiko balitu, Isabel eta Iñigo larunbatero topatuko dituzue Berdura Plazako postuan. Bestela, Azpiazu haztegia bisita dezakezue astean zehar, arratsaldez (15:00etatik 19:00etara). Egin klik hemen helbidea ikusteko.