Teknika honi bundle dye deitzen zaio, eta landare freskoen formak, koloreak eta ehundurak zuzenean ehun naturaletan (lihoa edo kotoia kasu) inprimatzean datza. Prozesua erraza bezain magikoa da: landareak oihalean jartzen dira, poliki-poliki kiribiltzen dira makila baten inguruan eta beroaren bidez pigmentuak ehunera transferitzen dira.
Saioan zehar mimosa, sahats eta eukalipto hostoak erabili genituen, baita izpilikua, bidens eta gazania loreak ere. Lortutako lanak benetan ikusgarriak izan ziren.
Tallerrean parte hartu ezin izan bazenuen, hona hemen teknika honetan murgiltzen hasteko gida labur bat:
1- Aukeratu oihal naturala: lihoa edo kotoia egokienak dira.
2- Prestatu ehuna: garbitu aurrez eta ahal bada, koloreak hobeto islatzeko finkatzaile natural batekin tratatu.
3- Aukeratu landareak: lore freskoak, hostoak edo baiak. Saiatu produktu kimikorik gabekoak erabiltzen.
4- Antolatu oihalean: zure diseinua sortu, formekin eta koloreekin jolastuz.
5- Kiribildu ehuna: makila baten inguruan kiribildu eta ondo lotu hari edo soken bidez.
6- Beroa aplikatu: lurrunean egosi ordubetez gutxienez.
7- Utzi hozten eta zabaldu: guztiz hoztu arte itxaron eta gero zabaldu. Azkenik, ur garbian pasatu eta airean lehortu.
Bundle dye teknika aukera zoragarria da naturarekin konektatzeko: kolorez, usainez eta ukimenez betetako prozesu sortzaile bat da, norberak bere pieza berezia sortzeko modua ematen duena.
Ez bazenuen parte hartzerik izan… egon adi! Azokan beti ari baikara proposamen berriak prestatzen, naturak ematen diguna elkarrekin gozatzeko.