Azoka Lagunak egun batez erlezain, Balerdi magalean - Tolosako Azoka

Azoka Lagunak egun batez erlezain, Balerdi magalean

#Azoka lagunak #Ikastaroak
Natura, erleak eta ekoizleak, hori bai sinergia gozoa! Azoka Lagunei eskainitako azken ikastaroan, Bedaiora egin genuen bisita: Balerdi magalean kokatuta dagoen erlategira zehazki.

Bertan, ‘Balerdipeko Erleak’ izenpean egiten dute lan Mattin Jauregi eta Inaxio Arinek. Lana ‘erleek egiten dutela’ dioten arren, ondoren etxera eramaten ditugun produktu gozo-gozoen ekoizleen lana ez da batere erreza. Euren jarduna ezagutzeko erlezain jantziak gainean jarri eta erle burrunba artean murgildu ginen!

Erlauntza bakoitzean, 60.000 erle arte daude. Kontuan hartuta Bedaioko txoko honetan 50 kaxa dituztela… 3 milioi erlez inguratuta egon ginen! Bertan, 3 erle mota bereizi genituen:

  • Erle erregina: erlauntzako ‘ama’ da, emea. 3-4 urte inguru biziraungo ditu, eta bere eginbeharra ernaldu eta arrautzak jartzea izango da, erlauntza osatzeko. Ez da erlauntzatik aterako, ernaltzeko ez bada. Lehenengo 5 egunetan erregin-jaleaz elikatuko da (honek egingo du erregin). Beti-beti-beti, erle erregin bat eta bakarra egongo da erlauntzako: noizbait zerbait gertatu izanagatik falta bada, erle-langileek beste erle erregin bat sortuko dute. Arrautzak jartzen dituenean jakingo da ze erle mota datorren: ernaldutako arrautza bada erle eme bat jaioko da, erle-langile edo erle-erregin izango dena; ernaldu gabeko arrautza bada erle mando/zangano bat jaioko da (arra).
  • Erle mandoa: erlauntzako ‘aita’ izango da. Hasieratik ikusiko dugu jaiotzen ari den hori erle mandoa dela; izan ere, erlauntzako bere gelaxka langileena baino handiagoa izango da. Arra da, eta bere funtzio bakarra erle erregina ernaltzea izango da: ez da aterako polen bila, eta erlauntzan elikatzen egongo da beti (hau ere bero mantentzen), ernaltzera atera arte. Ernaldu ondoren, hil egingo da.
  • Erle langilea: erlauntzako ‘alabak’ izango dira, lan egingo dutenak. Guztiak emeak dira, baina ez euren ugaltze-aparatua ez da funtzionala. Guztiek ama berdina izango duten arren, aita ezberdinak izango dituzte. 40 egunez biziko dira, eta lehenengo 3 egunetan erregin-jaleaz elikatuko diren arren, ondoren polen eta eztiz egindako nahasketa batez elikatuko dira. Lehenengo 20 egunak euren erlauntza garbitu eta txukun mantentzen egingo duten lan, eta ondoren, erlauntzatik aterako dira polen eta nektar bila, erlauntzara bueltan ekartzeko. Gure inguruko loreak hazteko polinizazio prozesuan ezinbestekoak dira. 

Ezti bilketarako, erle langileak kanpora ateratzen dira, lore eta frutarbolen nektarrak erakarrita. Nektar hori biltzearekin batera polena ere hartuko dute euren hankatxoetan. Ondoren polen hori askatzen joango direnez, inguruko loreak ere ernalduko dira. Datu hau oso kuriosoa da: erleak nektarra topatzen duenean, beste erleei kokapen zehatza emango dizkio, dantza baten bitartez. 

Bildu ondoren erlauntzara itzuli eta hor pilatuko dute nektarra. Nektarra %80 ura eta %20 azukrea da; erlauntzan, erleek hegalei esker nektar hau lehortu eta aireztatuko dute ura gal dezan, eta guk ezagutzen dugun eztia ekoitzi dadin: %80 azukrea eta %20 ura.

Eztia ez ezik, erleek produktu gehiago ekoizten dituzte; ondoren, erlezainen lana izango da hauek kontsumorako biltzea: lortu nahi den produktuaren arabera, erle-kaxa modu batera edo bestera eginda egongo da. Propoleoa, esaterako, zuhaitzetako erretxinetik lortzen dute eta erlauntzean sortu daitezkeen zulotxoak estaltzeko erabiltzen dute.

Dastaketarako momentua

Bisita bukatzeko urduritasunak atzean utzi eta gozo jarri ginen: eztiaz gain, erleek ekoitzitako beste produktu batzuk ezagutu genituen; esate baterako, propoleoa, erregin-jalea, polena, kandelak, pralinea, kakao-krema… 

Gure azokako ekoizle batzuen mahaietan ere, hauetako produktu asko topatuko dituzu larunbatero!  Bitartean, instagrameko @balerdipeko kontuan topatuko dituzu erlezain gazte hauek, zeinak bisita gidatuak eskaintzen dituzten.

Eta badakizu, gure hileroko ikastaro eta bisita gidatuetan parte hartu nahi baduzu, egin zaitez Azoka Laguna eta irakurri gure osteguneroko newsletterra!