Baratzean Zuhaitz Ibañezekin - Tolosako Azoka

Baratzean Zuhaitz Ibañezekin

#Azoka lagunak
Maiatzeko azken egunak iristear, iritsi da dagoeneko uda aldera jango ditugun piparrak eta bestelako produktuak landatzeko garaia. Eguraldi heze eta epelaz baliatuz, Aritzeta barazkiak-eko Zuhaitzek San Blas auzoan duten baratzera gonbidatu gaitu, hemendik denbora gutxira azokan aurkituko ditugun produktuak nola landatzen dituen ikusteko.

Eguraldi ona aprobetxatuz, aste honetan Tolosako San Blas auzoko Aritzeta baserrian an izan gara, Aritzeta barazkiak-eko Zuhaitz Ibañez azokagileak bere aita-amaginarreben baserrian duen baratza ezagutzen. Iruñan jaioa, irakasle ikasketak burutu zituen Zuhaitzek Eskoriatzan, baina lana topatzea zaila zegoenez baserrian probatzea erabaki zuen eta 2017. urtetik Tolosako Azokara gerturatzen da larunbatero-larunbatero bere produktuak saltzera.

Zuhaitzek kontatu digu baratzen munduan lehen aldiz bere aitaginarrebari esker sartu zela, ordurarte ez baitzuen inoiz ezer landatu eta ez baitzekien asko barazkien inguruan, eta hark erakutsi diola dakien guztia. Pixkanaka-pixkanaka ikasi eta gustoko zuela konturatu zenetik 4 urte baina gehiago igaro dira dagoeneko, eta bertan lanean oso gustora dagoela esan digu. Kontsumo taldeetan ere saltzen duela esan digu, eta bere baratzean landatu berri dituen produktuak erakutsi dizkigu.

Piparrak landatu berri eta tomate landareak landatzen topatu dugu Zuhaitz, eurien ostean lurra hezea dagoela eta eguraldi ona aprobetxatuz. Hainbat motatako piparrak landatzen dituela kontatu digu, gure inguruan hain ezagunak diren piparrez gain italiar-piparra eta padrón-piparra ere landatzen dituela esan baitigu.

Pipar landareak landatuta zituen lurrak plastikoz estaliak zituela ikustean, honen arrazoia galdetu diogu, eta oso interesgarria iruditu zaigu. Ba al zenekiten piparrak minak izatearen arrazoi nagusia haiek haztean ur-falta izatea dela? Hori saihesteko, piparrak landatzean lursaila plastiko beltzen estaltzen du Zuhaitzek, lurraren hezetasuna bertan mantendu dadin.

Baina pipar-landareez gain bestelako produktu ugari ere erakutsi dizkigu Zuhaitzek bere baratzan. Denetarik pixka bat izatea gustatzen zaiola esan digu, azokara jaistean produktu eskaintza zabala izateko.

Produktu horien artean landatu berri dituen ziazerba berriak eta tomateak erakutsi dizkigu lehenik. Ziazerben kasuan hilabete inguru barru azokan saltzeko prest izango dituela esan digu, eta tomateak ere uda garaian prest izango dituela.

Horiez gain, jadanik nahiko haziak dauden letxuga ezberdinak -kukulu letxugek eta letxuga gorriek sekulako itxura zuten-, kalabazinak, bainak eta erremolatxak ere erakutsi dizkigu.

Azkenik, hemendik gutxira landatzeko diren babarrun landareak non landatuko dituen ere erakutsi digu. Bitxikeria bezala kontatu digu duela urte gutxirarte babarrunak San Isidro egunerako landatzen zirela, baina azken urteetan tenperatura aldaketen ondorioz landaketa hori aste batzuk beranduago egin behar izaten dutela.