Zergatik 12 mahats? - Tolosako Azoka

Zergatik 12 mahats?

#Azoka lagunak
Urtezahar gauean gauerdiko kanpain hots bakoitzeko jaten dugun mahats ale bakoitzak zorte ona ekarriko digu dagokion hilabetean; hori da, behintzat, ohitura hau mantentzera eramaten gaituen ustea.

12 mahats, 12 hilabete. Baina zein da ohitura honen jatorria?

1880. hamarkadatik dator Urtezahar gauerdian mahatsak jatearen zergatia azalduko lukeen teorietako bat; Madrilen egindako ekintza eta protesta satiriko batetik, hain zuzen. Garai hartan burgesiak eta goi-klaseak xanpaina eta mahatsak kontsumitzen zituzten Gabonetan antolatutako jai pribatuetan, frantsesen ohiturak imitatuz. 

Aldi beran, hiriko Udalak debekatu egin zituen errege-gauean kalean egin ohi ziren festak. Beraz, teoriak dioenaren arabera, langileriak protesta gisa erritual hau kopiatu zuen Urtezahar gauean (gau honetarako debekurik ez zegoelako) Madrilgo “Puerta del Sol” plazan kanpai hotsekin batera mahatsak jatera elkartuz, garai hartan produktua merkea zenez, aristokraten ohiturari iseka eginez. 

“Puerta del Sol” aurrean mahatsa jateko ohitura horrek burlazkoa izaten jarraitu zuen urte luzez, baina, azkenean, normalizatu egin zen eta herrialde osora zabaldu zen denborak aurrera egin ahala.

Bigarren teoriak Alacanten du jatorria, 1900. hamarkada hasieran. Badirudi garai horretan mahats uzta oso handia egon zela bertan, eta nekazariek, ahalik eta mahats kopuru handiena saltzeko helburuz, abenduaren 31 gauerdian hamabi mahats jateak zorte ona erakartzen zuela kontatzen hasi ziren. Arrakasta handia izan zuen, eta bildutako uzta bota behar ez izatea lortu zen. 

Teoriak teoria, mahatsak beti izan du positibotasunarekin lotura: oparotasunarekin, ugaritasunarekin, zoriontasunarekin, bizitza-luzatzearekin, emankortasunarekin eta plazerarekin. Fruta hau ardoari lotuta ere badago, kristauentzat “kristoren odola” sinbolizatzen duena. Horregatik lotzen da festekin! Baina honek ez du esan nahi mundu guztian Urtezahar gauaren sinboloa direnik. Italian, besteak beste, dilista plater bat jaten dute gauerdia pasa berritan zortea erakartzeko! Eta bada zoria barruko arropa gorriz erakartzea nahiago duenik ere..

Zuk, zein ohitura jarraitzen duzu etxean? Kontaiguzu!