Zer dakigu basoetan inguratzen (eta elikatzen) gaituzten zuhaitzen inguruan? - Tolosako Azoka

Zer dakigu basoetan inguratzen (eta elikatzen) gaituzten zuhaitzen inguruan?

#Azoka lagunak
Zuhaitz Azoka ospatuko da larunbatean, hilaren 28an, Tolosan, eta aitzakia horrekin, gure inguruko basoetan ohikoenak diren, edota azokan topatu ditzakegun hainbat produkturen jatorrizko zuhaitzen inguruan oinarrizko lauzpabost datu bildu ditugu. Landatzen ausartuko al zara?

Sagarrondoa

Interes bereziko zuhaitza da, batik bat, Gipuzkoan. Oso errotua dago, sagardogintza sektorearekin duen loturagatik.

2 metro eta 10 metro arteko garaiera izan dezake, nahiz eta normalean ez den 5 metrotik igarotzen. Adar askoko zuhaitza da. Landare hermafrodita da. Hosto erorkorra du, obalo soila, eta ertz zerratuekin.

Apirila eta maiatza artean loratzen da, 5 petaloko lore zuri ugarirekin. Fruitua, berriz, sagarra, uda amaieran eta, bereziki, udazkenean biltzen da.

Munduan 1.000 barietate baino gehiago daude, eta horietako asko aurki ditzakegu Gipuzkoan: Errezil, Palazio, Mendiola, Txalaka, Urtebi handi eta txiki, Moko…


Intxaurrondoa

500 urte baino gehiago bizi daitekeen tamaina handiko zuhaitza da. 25 metrora arteko garaiera izatera iritsi daiteke. Hori dela eta, itzalpe handiak sortzen ditu. Hazkunde mantsoa du, ordea.

Enbor lodia du, bi metroko diametroa har dezake, eta bere egurra bereziki estimatua da zurgintzan eta ebanisterian.

Hosto erorkorra dute. Apirilean eta maiatzean loratzen da, eta fruitua –intxaurra– uda amaieran eta udazkenean ematen du.


Pikondoa

Zuhaitz txikia da, adaburu handi eta irregularrekoa. 50-60 urte inguruko bizia du, baina azkar hazten da, eta gehienera ere 10 bat metro neurtzera iritsi daiteke.

Mendi-hegal, ibai eta erreka ertz eta kareharrizko haitzetan hazten dira, herriguneetatik gertu. Tenperatura altuak eta lehorrak ongi jasaten ditu.

Hosto erorkorrak ditu, handi samarrak. Lobulatuak dira askotan, eta nerbioak oso markatuak izaten dituzte.

Udaberrian botatzen ditu loreak, eta fruituak –pikuak– uda bukaeran heltzen dira. Negu leunetan ere, pikondo batzuk uztapikuak ere eman ditzakete.


Gereziondoa

Oso balioetsia den zuhaitza da bi arrazoirengatik: batetik, zur gorrixka du, zurgintzan oso estimatua; eta, bestetik, lore ederrak sortzen ditu, bost petaloko lore zuriak. Martxo eta maiatza artean loratzen da. Maiatzean jaso ohi dira gereziak, normalean binaka.

Hosto erorkorra du, luzexka, ertz zerradunekoa eta azpialde ileduna.

10 eta 20 metro arteko garaiera izatera iritsi daiteke. Enbor zuzen eta bertikala izan ohi dute, eta zahartu ahala arrakalatu egiten da.


Haritza

Gure basoetako zuhaitz esanguratsuenetako bat da. 15 eta 40 metro artekoak izan daitezke. 

Gaztetan azal leuna du, hauskorra. Urteekin, ordea, arrakalatuz joaten da, eta kolore arrea hartzen du. Bere egurra oso preziatua da zurgintzan. 

Apirila eta maiatzean loratzen da. Bere fruitua ezkurra da, eta txortenaren puntan egon ohi da. 


Gaztainondoa

Duela 3.000 bat urtetik dago presente zuhaitz hau Gipuzkoan, nahiz eta Erromatar garaian ugaritu zen. 15-30 metro bitarteko altuera izan dezake.

Hosto erorkorrak ditu, handiak eta luzexkak, ertz zerradunekoak. Fruitua, berriz, morkots arantzatsuetan bilduta egoten da. Horien barruan, 2-5 gaztain inguru izaten ditu. Udazkenean heltzen dira, urritik abendura bitarte. Loraldia, berriz, maiatza eta uztailaren artean izaten du.

Eremu argitsuetan landatzen da, nahiz eta basoetan itzal txikiak onartzen dituen. Ez ditu lurzoru karedunak atsegin, eta oso sentikorra da udaberriaren azken parteko eta udazkenaren hasierako izozteen aurrean.


Hurritza

Hosto erorkorra duen zuhaitz txikia da. 2 eta 5 metro arteko garaiera izatera irits daiteke. Hostoak biribilak eta ertz zerradunekoak dira.

Urtarriletik apirilera loratzen da, eta ondoren ematen du fruitua: hurra. Lore arrak gerbatan biltzen dira, eta emeak, berriz, adarretan ateratzen dira.

Lurzoru fresko eta hezeetan hazten da, itzal askoko eremuetan.


Pagoa

Zuhaitz garrantzitsua da Gipuzkoan, oso hedatua baitago. Klima epeleko eremu freskoetan hazten da, eta urte osoko hezetasuna du gustuko.

20 eta 40 metro arteko tamaina izan ohi du, eta horregatik itzal handia sortzen du. Hosto erorkorra du, sinple eta obatua, mutur puntadun eta ertz uhindunekin. Hostoak erortzean, orbelaz estali ohi da lurzorua.

Apirila eta maiatza artean ematen du lorea, fruitua –pagatxa– berriz, bi urtetik behin.