Hauek dira, garaiko produktuen egutegia begiratuz gero, urrian azokan topatuko ditugun produktu berriak:
Azalorea eta romaneskoa
Gehiegizko likidoak desagertzeko aproposak diren bi produktu dira, propietate diuretikoak baitituzte. Udaberrira arte izango dira eskuragai.
Eskarola
Udaberrira arte, hainbat letxuga motarekin batera, eskarola ere izango dugu. Era askotara jan daiteke: entsaladan, baratxuriarekin, mingrana edo granadekin, antxoekin… baita bakarrik ere!
Fruituak
Ikusi dituzue zenbat gaztaina dauden Zazpi-bide edo Urkizu inguruko basoetan? Fruituak jasotzeko sasoia ere bada urria. Azokan eskaintza ugaria da: gaztainak, urrak, intxaurrak, pikuak…
Perretxikoak
Adi gutizizaleok! Iritsi da perretxiko garaia: Onddoak, ziza horiak, gibelurdinak, esnegorri edo niskaloak… Sasoiko produkturik preziatuenetakoak dira. Mikologika astea ospatzen da urrian, eta udazkeneko hilabeteetan perretxiko eskaintza oparoa izaten da Zerkausian.
Ehiza
Urria heltzearekin batera, Montezkue edo Altzo ingurutik datozen tiro hotsak entzutea ohikoa izaten da. Hasi da ehiza garaia, eta azokan ere nabari da. Lasa Anaien postuan usoak edota galeperrak aurki daitezke, besteak beste.
Kardua eta orburuak
Ez esan gustuko ez dituzunik… probatu ez duenak, ez baitaki zer den hau! Hilabete amaiera aldera, Nafarroatik gutizi hauek iritsi ohi dira. Euskal Herria plazako postuetan topa daitezke, negu osora arte.