Fruitu gorriak txikiak eta biribilak izan ohi dira, batez ere kolore urdin, gorri edo morekoak. Gozoak dira, eta maiz garratzak. Masustak, ahabiak eta mugurdiak dira fruitu gorri ezagunenetakoak, baina baita marrubi, arana edota gereziak ere.
Kontserbak, marmeladak eta postreak prestatzeko oso erabiliak, fruitu gorri askoren sasoia da orain.
Fruitu gorri mota bakoitzak onura paregabeak eskaintzen ditu, funtsezko mantenugaien aukera zabala emanez organismoak behar bezala funtziona dezan; bitaminak, mineralak eta zuntza izateaz gain, antioxidatzaileetan aberatsak dira, eta zelulak oxidazio-kaltetik babesten laguntzen dute.
Marrubiak, adibidez, C bitamina-iturri bikainak dira, eta azido organikoak dituzte. Gainera, ahalmen antioxidatzaile handia dute. Gordin jateaz gain, marmelada egiteko ere erabiltzen dira neurri handi batean.
Aranak, berriz, potasioa bezalako mineralengatik nabarmentzen dira, idorreriari aurre egiteko onuragarriak oso. Euskal Herrian uztailean batzen da gehien, gero fresko edo lehortuta kontsumitzeko.
Hainbat mota eta kolore ezberdineko okaranak daude: horia, berdea, morea… Ezagunenetakoa, seguru aski, Klaudia motakoa izango da.
Gereziek, bestalde, kolore gorri bizi hori ematen dioten antioxidatzaileak eta potasioa, zuntza, A bitamina, B1, B3 eta B6 bitaminak, C bitamina, D eta E bitamina, azido folikoa, betakarotenoa edo A probitamina ugari dituzte. Magnesioa, burdina eta kaltzioa bezalako mineralak ere ematen dituzte.