Udaberriko azken azoka: zer dakarkigu udak? - Tolosako Azoka

Udaberriko azken azoka: zer dakarkigu udak?

#Azoka lagunak #Baratza #Errezetak #Ikastaroak #Produktuak
Urtaro aldaketarekin batera, iristen ari dira dagoeneko uda guztian zehar Tolosako Azokan aurkitu ahal izango ditugun produktu berriak. Era askotariko letxugak, leka/bainak, tomateak, patata berriak, uda garaiko fruituak… Zerkausiko, Berdura plazako zein Euskal Herria plazako postuetan aurkitu ahal izango dituzue.

Larunbat honetakoa udaberriko azken azoka izango dugu Tolosan, eta Azoka Lagunak ekimena martxan jarri genuenetik gure laugarren urtaroan sartuko gara astelehenean. Bai, hiru urtaro igaro ditugu jadanik, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu udazken, negu eta udaberri gurekin jarraitzeagatik; eta batez ere, Tolosako Azoka sustatu eta indartzen jarraitzeagatik.

Udazkenean garaiko produktu ugari ezagutu genituen. Babarrunak, orburuak, kalabaza, kakiak, perretxikoak… asko izan ziren ostegunero-ostegunero gure newsletterrean proposatzen genizkizuen produktuak. Sekulako arrakasta izan zuten, eta zuetako askok bidali zenizkiguzuen azokan erosi berri zenituzten barazki horien argazkiak! 😍  Hor hasi ginen gure ikastaroekin, Sonia Tapiak Xabier Goikoetxearekin batera babarrunak nola kozinatzen diren erakutsi baitzigun. 

Negu garaian berriz, garaian-garaiko tenperatura eta klimak baldintzatuta, beste primerako produktu batzuk topatu ahal izan genituen azokako mahaietan: azalorea, azenarioak, errefaua, kalea edota baratxuri freskoak izan ziren azokako protagonistak. Hain justu, azokatik lortu genitzazkeen produktuekin gabonetako menua osatzeko ikastaroa eskaini ziguten AMA tabernako kideek, Tolosako Kultur Etxean. 

Udaberrian ilarrak, babak, zainzuriak, udaberriko xixak, kimuak, mugurdiak edota loreak izan ditugu garaiko-produktu nagusi; baita Aste Santuan hain bereziak diren karakolak ere (animali hauen haztegia ezagutzeaz gain, nola kozinatu daitezkeen kontatu ziguten Txemari Esteban eta Peio Doyharzabalek). Tenperatura epelek eta eguraldi eguzkitsuagoak zuhaitzen loratzea ahalbidetu dute gainera, datorren hilabeteetan jango ditugun fruituen hazkundea hasiz.

Bide batez: zer moduz doaz etxean jarritako zuen baratze txikiak? Ikastaroa egin ondoren askok bidali dizkiguzue argazkiak. Online ikastarorako garaiz iritsi ez bazinen, oraindik ere gure emaila idatzi diezagukezu eta saio guztiak bidaliko dizkizugu bideoz 😊

Eta udan zer? Lasai, Tolosako Azokako ekoizleek eta Tolosako Azoka Lagunon elkartea osatzen dugunok lanean jarraituko baitugu astero-astero gure inguruetako baratzetan hazitako kalitatezko produktu freskoak ezagutu ditzazuen eta azokan eskuragarri izan ditzazuen. 

Iristen hasi dira dagoeneko datorren hilabeteetan dastatuko dituzuen udako produktuak. Duela pare bat aste Aritzeta Barazkiak-eko baratzera egindako bisitan aurreratu genizuen bezala, era guztitako letxugak (kukulu-letxugak, haritz-hosto letxugak, leka/baina berriak, udako tomateak, patata berriak eta bestelako hainbat fruituk egin dute dagoeneko euren lehen agerraldia azokan, eta hasi besterik ez dira egin, produktu horiei guztiei udako beste produktu askok jarraituko baitie.

Hainbat ikastaro iritsiko dira gainera, udako arratsalde beroak arindu eta azokako produktuen inguruan gehiago ikasi dezazuen. Lehena gaur arratsaldean bertan, Gozona gozotegiaren eskutik fruitu gorriekin gozoak egiten ikasteko. Gehiago ere iristear daude, beraz: 

Adi! Iritsi baita uda Tolosako Azokara. Eta animatu itzazu zure lagunak ere gure komunitatera harpidetzera! (Oraindik Azoka Lagunen poltsak ditugu oparitzeko eta)