Sonia Tapia sukaldariaren eta Tolosako Babarrun Elkarteko Xabier Goikoetxearen eskutik, aukera izan dugu Tolosako Babarrunaren inguruan hainbat bitxikeria eta istorio ezagutzeko, eta nola ez, babarrunak eta bere sakramentuak tolosar erara prestatzen ikasteko.
Laburpena irakurri ordez errezeta bideoz jarraitu nahi baduzu, egin klik hemen!
Nola prestatu babarrunak?
Honako hauek dira 4 lagunentzako babarrunak eta sakramentuak prestatzeko beharrezko osagaiak:
-500 gr. Tolosako Babarrun
-Aza erdi bat (kilo bat gutxi gorabehera)
-2 barazki odolki
-800 gr. txerri saiheski (pertsonako 200 gr. inguru)
-Ibarrako Piparrak (ozpinetan, poto bat).
-Baratxuria
-Olioa
-Gatza
4 pertsonarentzat babarrunak prestatzeko, kilo erdi babarrun lapiko batean jarri eta ura eta olioa gehituko diegu lehenik. Urari dagokionez, egokiena babarrunen gainetik 4 hatz ingururaino estaltzea da, hasierako urarekin zuzenean kozinatu daitezen eta prestatu bitartean urik gehitu behar ez izateko.
Babarrunak irakiten jarriko ditugu, eta irakiten daudenean, sua jaitsi eta 3 ordu inguru utziko ditugu su baxuan.
Garrantzitsua: Babarrunei gatza amaieran gehituko diegu; eta gogoratu: babarrunak mugitzeko koilara erabili beharrean, lapikoa astinduko dugu! Bestela hautsi egingo zaizkigu babarrunak. Zerbitzatzerako garaian ere, ez da komeni koilara lapiku barruan uztea.
Nola prestatu sakramentuak?
Sakramentu guztiak banan bana sukaldatuko ditugu, bakoitzak bere zaporea manten dezan.
Aza: 4 pertsonarentzako, nahikoa da aza erdia erabiltzea (kilo bat gutxi gorabehera). Kanpoaldeko orriak kendu eta aza fin-fin moztu ondoren, irakiten dagoen uretara gatz pixka bat gehitu, eta pare bat minutuz galdarraztatuko dugu lehenik.
Ondoren, zartagin batean oliba-oliotan baratxuria sueztitu eta galdarraztatutako aza gehituko diogu, minutu batzuz dena erregosi dadin.
Odolkia: Barazki odolkiak dira babarrunekin jateko aproposenak. Pertsonako odolki erdia jarriko dugu, beraz, lau pertsonentzako nahikoa izango da bi odolki erabiltzea.
Hasteko, ura berotu eta gatzatuko dugu lapiko batean, irakitera eraman gabe. Ura bero dagoenean, odolkiak sartu eta ordu erdiz utziko ditugu su baxuan, irakin ez dezan -urak irakinez gero, odolkiak lehertzeko arriskua dago-.
Ordu erdia pasatakoan, uretatik atera eta odolkiak pare bat minutuz hozten utziko ditugu moztu aurretik. Era honetan, odolkia moztean osorik geratzea lortuko dugu.
Txerri-saiheskia: Txerri-saiheskia zati txikitan zatituko dugu, hezurren artean moztuz. Ura irakiten jarri eta gatzatzean, saiheskia ordu erdiz egosiko dugu su altuan.
Ibarrako Piparrak: Dagoeneko ontziratuak dauden piparrak erostea da aukerarik azkarrena. Lau pertsonarentzako nahikoa da ozpinetan ontziratutako pipar poto bat erabiltzea.
Honekin guztiarekin⦠kitto! Babarrunak eta bere sakramentuak platereratzea eta dastatzea besterik ez zaigu falta orain!