Tolosako Azokan topatu ditzakezun tomate motak - Tolosako Azoka

Tolosako Azokan topatu ditzakezun tomate motak

#Produktuak
Iristear da bertako tomateen denboraldia. Baina barietate ugari aurkitu ditzakegu Azokako mahaietan. Gaur tomate mota horietako batzuk bereizten lagunduko dizugu.

Hemen gertu, esaterako, aldaera ugari ditugu. Pentsa: baserrietan oraindik hazi propioak mantentzen dituzte, eta horiekin ekoizten dute tomatea. Peñak, adibidez, halaxe kontatu zigun bere baserrira bisita egin genuenean. Eta ez dira bakarrak!

Baina, orokorrean, ze beste tomate mota topatu ditzakegu?

Aretxabaleta tomatea
Bertako tomateen artean ezagunena da, bereziki, entsaladetarako oso erabilia. Ur gutxi du, eta horrek ematen dio samurtasuna. Tamaina ertainekoa da. Izen bereko herrian du jatorria, baina gerora asko hedatu da Euskal Herri osoan zehar. Hori baino lehen galtzear izan zen.

Pikoluze tomatea
Luze, bigun eta haragitsua da, nahiko delikatua. Idi-bihotz motako tomateen familiakoa da. Ez da postu askotan topatzen. Lea-Artibain du jatorria, batik bat. Produktibitate handia du, landare bakoitzak ia 4,5 kg. eman baititzake.

Saint Michael tomatea
Aretxabaleta baino zertxobait txikiagoa da. Zapore indartsukoa denez entsaladetarako aproposa da. Ez da guztiz heltzen, eta gainkaldea berdexeagoa izan ohi du. Añorgan du jatorria. Landare bakoitzak bi kilo pasatxoko ekoizpena du.

Robin tomatea

Azoketako tomaterik ohikoenetako bat da hau ere. Produkzio handia eskaini ohi duen barietatea da, 5 kilo inguru landareko. Ale ertain, borobil eta leunak izaten dira, zapore suabekoa, eta garraiorako nahiz kontserbarako paregabea.

Raf tomatea
Uzta laburra izan ohi du. Negu garaian, udaberriaren hasierara bitarte jaten da. Andaluziatik ekarria da, Almeriatik batik bat. Zaporez gozoa du, azukre asko baititu. Uztak ondatu ohi dituen Fusarium izeneko patogenoarekiko erresistentzia handia duelako izena du horrela, nahiz eta Muchamiel edo Pata Negra izenez ere ezagutzen zaion. Zerkausian nahiz Euskal Herria plazan topatu daiteke.

Cherry tomatea
Txikiak eta biribilak izaten dira, mokadu bakarrean jateko modukoak kasik. Testuraz sendoa da, eta zapore bizikoa. Entsaladan ez ezik, pastarekin, pizzan edo brotxetetan jateko aproposak dira.

Beste batzuk
Tuterako tomate itsusia, idi-bihotz tomatea, Jack tomatea, Loidi tomatea, krimear beltza… mota asko eta asko daude inguruan. Ezagutzen duzu besterik?