Tolosak finkatu ditu urte amaiera bitarteko azoka berezien datak - Tolosako Azoka

Tolosak finkatu ditu urte amaiera bitarteko azoka berezien datak

#Azoka lagunak
Berrikuntza nagusia Esneki izango da, gazta eta esnekiei eskainitako azoka, Eliker, Tolosako kalitatezko elikaduraren zentroak sustatua.

Guztira bost azoka berezi ospatuko dira urtea amaitu bitarte.

Tolosa prest da azoka berezien denboraldi emankorrena bizitzeko. Izan ere, urtea bukaerara arte, bost ekitaldi gastronomiko egingo dira herrian.

Egutegi horretako berrikuntza nagusia Esneki izango da, gazta eta esnekiei eskainitako azoka berezia. Azaroaren 3tik 5era ospatuko da, lehen aldiz. Euskal Herrian egindako mota guztietako gazta txapelketaz gain, tailerrak, dastaketak eta profesionalentzako kongresu bat izango dira, besteak beste.

Hori baino lehen, klasiko bihurtu diren bi hitzordurekin gozatu ahal izango dira lehen mokaduak: Mikologika, Tolosako Kasino elkarteak antolatutako onddo eta perretxikoen festa, urriaren 20 eta 22aren artean ospatuko da; astebete beranduago Goxua, gozoaren azoka.

Babarrunaren Festa, urteko beste hitzordu garrantzitsuenetako bat, azaroaren 19an ospatuko da Euskal Jaiarekin batera. Perla beltzari eta bere sakramentuei lotutako guztia, jai giroarekin eta musikarekin uztartuko dira beste behin.

Urteko azken azoka berezia Gabonetakoa izango da, elikadura, animalia eta mota guztietako artisau-postuak bilduko dituena, abenduaren 17an.

Urte amaierara bitarteko Tolosako azoka berezien datak: egin klik irudia deskargatzeko eta gorde mobilean inoiz ez ahazteko!

  • Mikologika: urriak 20-21-22
  • Tolosa Goxua: urriak 29
  • Esneki: azaroak 3-4-5
  • Babarrunaren festa: azaroak 19
  • Eguberritako azoka: abenduak 17