San Martin eguna eta txerriboden aitzakian, Mahalara bisitan - Tolosako Azoka

San Martin eguna eta txerriboden aitzakian, Mahalara bisitan

#Azoka lagunak
Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna.

Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna ospatzen dugu. Antzina egun honetan Euskal Herriko baserrietan 'txerriboda' ospatzen zen. Gaur egun ohitura ez da horrenbeste jarraitzen, baina oraindik asko dira txerrikiak prestatu aurretik ospakizun hau egutegian markatuta izan ohi dutenak.

Garai batean baserri guztietan hiltzen zen txerria San Martin egunaren bueltan, eta hestebeteak, txorixoak, odolkiak eta abar prestatzen ziren ondoren, neguko hilabete luze eta latz askotako sostengua lortzeko asmoarekin. Tradizioak agindu modura, ilbeheran hiltzen zen txerria (haragia gogortzen laguntzen du), eta festa giroan ospatzen zen txerriboda.

Txerriboda hauetan bizilagun eta familiek hartzen dute parte, txerriaren zatiak banatu eta bakoitzarekin beharrezkoa zen prozesua jarraitzeko. Esanak dioen modura, txerritik dena aprobetxatzen baita: “txerriak dena du ona”.

Gaur egun ohitura hau ez dago horren zabaldua, urteekin eraldatzen joan baita, gizartearen eboluzioaren lekuko baitira tradizioak. Gizartea modernizatzeak murriztu egin du etxean zerria hazteko ohitura zaharra, garai batean familiei haragi-dieta ziurtatzen ziena. Hala ere, ospakizunerako eguna da oraindik. Eta argi dago: belaunaldi berriek bereste ohitura berri batzuk sortu eta ezarriko dituzte.

Txerrikiez hizketan ari garela, Mahala bisitatzeko aprobetxatu dugu. Postua jartzen dute larunbatero-larunbatero gure azokan, eta horregatik hurbildu gara euren ekoizpena nahiz lan egiteko modua ezagutzera.

Mahala Leaburun dago kokatuta, eta euren produkturik ezagunenak esnekiak diren arren, txerrikiek ere arrakasta izan ohi dute azokan. Bertan prozesu osoaz arduraten dira; bere abereen elikaduratik hasi eta produktuak saltzera arte. Baserriaren bizitzari eutsi nahi diote, lurrarekiko lotura modu arduratsuan eta jasangarrian mantenduz (hemen klik eginda gehiago irakurri dezakezue).

Bitartean, gozatu argazki galeria honekin, goza dezazuela San Martin eguna, eta on egin!