Porruak pestoarekin: gonbidatuak txundituta uzteko errezeta erraz eta azkar bat - Tolosako Azoka

Porruak pestoarekin: gonbidatuak txundituta uzteko errezeta erraz eta azkar bat

#Azoka lagunak #Errezetak
Ez da ezer berria: garaian garaiko produktuekin plater bikainak egin daitezke. Topiko bat ere izan daiteke baieztapen hori. Baina, aizue, halaxe da!

Batzuetan nahikoa da ohiko plateren osagaiak hartu eta esperimentatzea, horren ohikoak ez diren platerak sortzeko. Eta halaxe egin dugu gaur proposatuko dizugun errezeta honekin: Azokako porruak pestoarekin.

Gisa honetako platerak zainzuriekin egitea ohikoa da akaso, eta hori ere oso plater goxoa den arren, porruak erabili ditugu oraingoan. Zuk nahieran erabil zenitzake! Modu batera ala bestera, ziur ez zaizula damutuko!

Osagaiak

  • Bi porru
  • Albahaka eskukada bat
  • Pistatxo eskukada bat
  • 4 oliba olio koilarakada

Errezeta

  1. Porrua garbitu, eta erabili bakarrik zati txuria. Porruaren berdea beste kremaren bat egiteko aprobetxatu daiteke. Ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu!
  2. Egosi porruak 5-10 minutuz: gehiago ala gutxiago, bigundu nahi duzunaren arabera.
  3. Zartagian pasa edo labean grill modura erre. Txigortu, zaporea har dezaten. Hori bai, pasa gabe!
  1. Pestoa egiteko, turmix batekin nahastu albahaka, pistatxoak eta oliba olioa. Erreserbatu pistatxo gutxi batzuk, hala ere.
  2. Plateraren aurkezpenerako, jarri porru zatiak azpian, gainetik pestoa bota, eta gordetako pistatxoak birrindituta gehitu.

Pestoa beste fruitu lehor batzuekin ere egin genezake, besteak beste, almendrarekin. Beste aukera bat da pestoa bota beharrean, porru edo zainzuriak ozpin-olio (binagreta) saltsarekin prestatzea. Modu batera ala bestera, ederrak daude!