Poltsa pertsonalizatzeko behar izango duzun materiala inguruko saltoki eta mertzerietan topatuko duzu.
Hauxe da:
Poltsaren forrua egiteko poltsaren tamaina bereko zorro bat egingo dugu (poltsak barruan duen bistaren altuera kenduta). Errazagoa izan dadin, patroia jarri dugu zuen eskura. Hemen klik eginda deskargatu ahal izango duzu! Inprimatu patroia eskala errealean A4 orritan, eta itsatsi itzazu marrek eta zenbakiek bat egin dezaten. Ondoren, moztu ezazu (jostura-marjina ere gehitu diogu, kontuan hartu nahi baduzu).
Patroiak 3 zati ditu, eta horietako 2 zati birritan moztu beharko dira (patroian ere hala azalduta dago). Jarri itzazu oihalaren gainean eta finkatu itzazu orratzak erabilita. Ondoren, moztu oihala. Guztira 5 oihal zati lortuko ditugu.
Lehenengo zorroaren lau aldeak josiko ditugu elkarren artean, eta ondoren, azpiko zatia. Josteko modurik errazena oihala oihalaren aurka jartzea da: oihalaren alderdi ona (eta estanpatua duena), beste oihalaren alderdi onaren kontra jarrita (estanpatua duena). Josi ondoren buelta ematerakoan, oihalaren alderdi ona izango dugu bistan horrela. Erabili orratzak josten ari zaren bitartean oihala finkatzeko eta ez mugitzeko.
Adi: zorroaren azpiko aldea josten ari garenean zatitxo bat libre utziko dugu, josi gabe, ondoren poltsari buelta eman ahal izateko.
Behin zorroa prest daukagula, hau Azoka Lagunen poltsari jostea geratuko zaigu. Horretarako, hasteko, poltsari barrutik daukan bistaren jostura desegingo diogu.
Oharra: forrua poltsari josi ordez posible da honi botoiak jartzea eta oihalari botoi-zuloak egitea, horrela, forrua kendu eta jarri egin ahal izango dugu garbitzeko etab. Forrua poltsari josita badago, hau kanporaka atera eta eskuz garbitu beharko dugu.
Ondoren, Azoka Lagunen poltsa zorroaren barruan sartuko dugu irudian ikusten den modura. Oihalaren alderdi ona (estanpatua) Azoka Lagunen poltsaren alderdi onaren kontra geratuko da (poltsikua duena). Poltsaren heldulekuek bi oihalen artean gelditu behar dute.
Zorroaren oihala poltsaren bistaren goiko izkinarekin josiko dugu, orratzekin finkatu ondoren. Ondo zentratuta geratu dadin ahoku bat: egin ebaki txiki bat oihalaren zentruetan, poltsaren zentruarekin bat egin dezaten.
Josita daukagunean, Azoka Lagunen poltsa zorroari utzi diogun zulotik aterako dugu, azpitik. Forrua barruraka sartu, eta gure poltsa prest izango dugu!
Zure poltsa pertsonalizatzera animatzen bazara, bidaliguzu argazki bat sare sozialen bitartez edo lagunak@tolosakoazoka.eus helbidera, gustora jasoko dugu eta! Zalantzarik izanez gero ere, kanal berak erabili ditzakezu gurekin harremanetan jartzeko.
Ea zenbat ikusten ditugun asteburu honetan azokan! 👏🏼