Patata erreak erromeroarekin, zure errezeten hornigai perfektua - Tolosako Azoka

Patata erreak erromeroarekin, zure errezeten hornigai perfektua

#Errezetak
Nola hobetu zure gustuko errezeta ordu erdi eskasean? Hornigai perfektuarekin, hau da, patata erreekin. Klasiko bezain unibertsala, errezeta gehienekin ondo ematen du errezeta honek.

Hamaika modu dago patata sukaldatzeko: egosita, frijituta, purean, beteta… Edo erreta, gustuko espezieekin. Oraingo honetan, erromeroarekin. Landare usainduna da erromeroa, eta sagai aktibo asko dituenez, askotariko erabilerak ematen zaizkio.

Labean egingo ditugun patatekin konbinatzean, olioa aromatizatzeko baliatuko dugu. Bildu osagaiak eta animatu errezeta gozo eta sinplea prestatzera.

Errezeta: Patata erreak erromeroarekin

Osagaiak

4 patata
Erromero freskoa (3 bat adar)
3 baratxuri ale
Oliba-olio birjin estra
Piperbeltza
Gatza

Jarraibideak

  1. Hasteko, labea 200 gradutan berotuko dugu.
  2. Ondoren, patatak garbitu, lehortu eta bertikalean erdibitu. Bi erdiak, lau zati luzetan moztu.
  3. Gainetik botako zaion saltsa prestatzeko, erromero-hostoak zurtoinetik kendu eta baratxuri-aleekin batera birrindu. Gero, oliba-olioarekin, gatzarekin eta piperbeltzarekin nahastu.
  4. Labeko erretilu bat labeko paperarekin estali, bertan patata-sortak jarri eta egindako nahasketa gainetik bota. Eskuekin nahasi, patata guztiak ondo bustita gelditzen direla ziurtatzeko.
  5. 30 minutuz labean egin.
  6. Ondoren, patatak mugitu eta utzi beste 15 minutuz, urre-kolorea hartzen duten arte. Onena, berehala zerbitzatu eta gozatzea!