Orbelaren sasoiaren aurretikoak - Tolosako Azoka

Orbelaren sasoiaren aurretikoak

#Azoka lagunak #Baratza
Uda ez da amaitu: orbelaren sasoiaren aurretiko momentua fruitua bailitzan zukutu behar dugu. Iraila askorentzat hasiera bada ere, aurreko hilabeteetako lanaren emaitza saskian daramagu oraindik. Udako uzta, negu eta udaberriko ereintzaren sari.

Uda ezezaguna meteorologiari dagokionez, baina aberatsa hala ere. Garai ona tomate zaleontzat! Tomate berria, cherry edo gerezi-tomatea, nahiz idi-bihotz formakoa. Edonori galdetuta ere berdina erantzungo dizu: errutinarako itzulera honek tomate entsalada zaporea dauka. Eta ez, azokako tomatea bezalakorik ez duzu topatuko gainontzeko erosketa guneetan.

Tomatea: beroa, argia eta eguzkia. Landarean bertan heldu edota behin uzta jasota gorritzen utzita, bakoitzak bere gustuaren arabera. Dena delakoa ere, aholku txiki bat: behin erosita mantendu nahi baduzu, gorde buruzbehera; alegia, zurtoina edo hostoak beheruntz dituela. 

Beroa, argia eta eguzkiaren saria ere Ibarrako piparrak. Hauek amaitzen direnean itxiko dute askok udako zikloa. Ikusi zenuen lehengo astean hauek urte osoan jan ahal izateko lana nola egiten den? Egin klik hemen kontserban nola gorde ikasteko.

Ez dira, inolaz ere, Tolosako Azokako postuetan topatuko dituzun barazki bakarrak: alberjinia, aza, azalorea, azenarioa, borraja, brokolia, erremolatxa, Gernikako piparrak, Padrongoak, kuiatxoak, kukuluak, ziazerbak, lekak, letxuga ezberdinak, patata, pikillo piperrak, pipermorroak, piper txorizeroak, porruak, tipula gorria edota zuria… Eta luze jarrai genezake zerrendarekin. Garai polita gure mahaien inguruan larunbateroko pasioa emateko!

Negura begirako ereintza eta landaketa lanekin ere bagabiltza gure baratza nahiz soroetan: arbia, ziazerba, tipulina, aza, bruselaza, eskarola, kukulua, zerba, erremolatxa.. Landare usaindunak eta sendabelarrak biltzeko momentua ere badugu.

Eta fruituak? Goza eta goza ari dira fruituak landaretan: sagarrak, udareak, basakaranak, mahatsak, pikuak, mugurdiak, gereziak, mizpirak… Bilakatuko dira patxaran, sagardo, konpota, marmelada, edota konfitura, guk hala nahi izanez gero. 

Egin klik hemen irudia deskargatzeko

Gorde ilustrazio hau, eta erabaki zein produktu sartuko dituzun larunbat honetarako erosketa-zerrendan!