Oparitu azoka otarra - Tolosako Azoka

Oparitu azoka otarra

#Azoka lagunak
Jakin badakigu asko zaretela larunbateko azokan etxerako erosketak egiten dituzuenak edota azokako produktuekin osatutako otarra zuen adiskide kuttunei oparitzen dizkiozuenak. Hau, zuentzat: nola osatu oparitzeko otar perfektu bat?

Erronka zaila da, produktu asko aurkitzen baitira azokako 3 plazetan! Baina lasai, guk gomendio batzuk zerrendatu ditugu errazago suerta dakizuen. Hor doaz:

1. Eskuratu egunerokotasunean erabiltzen diren/dituen barazkiak

Hemen, normalean asko erabiltzen diren produktu guztiak sartuko lirateke (letxuga, tipulina, espinakak, patata, tomatea…) edota otarra eskuratuko duen horri asko gustatzen zaizkionak: azkeneko hau, zure lana da, ea zenbat ezagutzen duzun! 😉

2. Gehitu fruta

Frutak ematen duen freskotasuna baina gauza hobeagorik? Azokan beti garaiko produktuak daudenez, beeeti fresko-freskoak aurkitzen dira eta seguru gaude otarra eskuratuko duenak gusto handiz hartuko dituela.

3. Izan berritzailea

Bai, eta ez izan beldurrik! Bisitari asko dira beti berdina eskuratzen dutenak erosotasuna medio. Eta hori ondo dago, bai, baina ateak ere ez dira itxi behar barazki berriei. Sartu otarrean produktu ez-hain-ohikoak, sukaldean ere berrikuntzak egin ditzan: horra hor beste erronka bat!

4. Lore ukitua

Noski, otar bat ez da osatua izango ez badu lore sortarik… Usain goxo-goxoa eta kolore bizia ematen dizkio oparituko dugun poltsari.

Pausu hauekin guztiekin, otar perfektu bat osatuko zenuke. Badakizu iada zeni oparitu otarra asteburu honetan? Aprobetxatu eta jarri praktikan emandako aholkuak maite dituzun horiei azokako produktuekin sorpresatxo bat emateko! 😍