Uda amaierako hortentsiak jasotzen ikusi ditugu batzuk, ondoren lehortzeko. Horregatik bururatu zaigu artikulu hau idaztea! Lore batzuk oroitzapenekin lotzen ditugu (ezkontzak, urtebetetzeak, opari bereziak,..) beste batzuk, dekorazioagatik, politak izanagatik -edo dena delakoagatik- etxean gorde nahi izaten ditugu. Gainera, denok dauzkagu loreak eta landareak hiltzen zaizkien lagun horietakoak: ba aizu, hau opari polita izan liteke eurentzat! Eta hosto nahiz landareekin berdina egin dezakezu: mahai-zentroak, txartelak, eskulanak, enmarkazioak...
Hauexek guk lehortuko genituzkeen lore eta landareak: hortentsiak (oso top!), larrosak, solidagoa, biola, margaritak, eukaliptoa (ur gutxi dute eta lehortzen erraza da), izpilikua, panikulata, eta orokorrean finak diren loreak.
Lore mota batzuk errazago lehortzen dira beste batzuk baino; hala ere, barruan duten ura da loreak hondatzeko arrazoi nagusia; beraz, ur horretatik askatzea da haiek kontserbatzeko gakoa. Ur hori kentzeko moduaren eta lortu nahi den akaberaren arabera, lore kontserbatua eta lore lehorra bereiz ditzakegu.
Lore kontserbatuek ura kentzeaz gain, hau beste likido batez ordezkatzen duen tratamendua jasotzen dute (lore lehortuek ez duta ura ordezkatzeko ezer jasotzen). Lore freskoek modu horretara babestuta 5 urtera arte iraun dezakete, baina tratamendua garestia eta nahiko konplexua izan ohi da. Guk, gaurko artikuluan, hauek modu merke eta azkar batean lehortzeko moduak ikusiko ditugu.
Loreak azkar lehortzeko modu bat da hau. Horretarako, paper xurgatzailea, bi baldosa, mikrouhin labea eta trebetasun pixka bat (😋 ) beharko ditugu.
Lehenengo eta behin, paper xurgatzailea baldosa baten gainean jarriko dugu, eta honen gainean, loreak. Kontuan hartu lore hauek prentsatu egingo ditugula, beraz, erabaki ondo nola geratzea nahi ote duzun (petaloak zirkuluan irekita, edo zanpatuta). Garrantzitsua da loreak ez elkar ukitzea.
Ondoren, loreak berriro paper xurgatzaileaz estaliko ditugu, eta gainean, bigarren baldosa. Soka batekin lotu daiteke ezer ez mugitzeko eta ondo eutsita geratzeko (ez alanbrerik jarri, mikrouhin labera doa eta!).
Dena mikrouhin labean sartuko dugu, eta bertan potentzia maximoan berotu minutu batez.
Kontu handiz eta erre gabe, dena atera eta ireki egingo dugu. Orain, baldosak lehortu beharko ditugu eta paper xurgatzaile berria jarri (kontu handiarekin mugitu loreak!), eragiketa beste 2 aldiz errepikatzeko. 3. aldiz ateratzen duzunean loreak zurrunak daudela nabarituko duzu eta kontu handiz kendu beharko dituzu. Oraindik malgu badaude, errepikatu berriro.
Edozein modu erabilita ere, erronka ondorengoa izan ohi da: nola egin kolorea galdu ez dezaten? Geroz eta argi gutxiago lehortzerakoan, hobe. Behin lehortuta, saiatu hauek eguzkiarekin kontaktu handiegirik ez izaten.