Nola egiten da Idiazabal gazta? - Tolosako Azoka

Nola egiten da Idiazabal gazta?

#Azoka lagunak
Aurreko astean Idiazabalgo Gaztañaditxulo baserrira egindako bisitan ardiei buruz ikasitakoak azaldu genizkizuen. Gaurkoan, aldiz, gazta ekoizteko prozesua nolakoa den ikasiko dugu.

“Zortedunak” omen gara euskaldunok. Halaxe esan zigun Anderrek. Badirudi, eguraldiak eragin handia duela gaztan, larreak baitira ardien bazka. Euriagatik larre onak ditugu hemen, eta horrek ardiei pentsu gutxiago eman behar izatea ahalbidetzen duenez, kalitate altuagoko esne eta gaztak lortzen dira.

Zorterik handiena, ordea, gure inguruan horrenbesteko kalitatea duten gaztak dastatzeko aukera izatearena da, ez al duzu uste?

Tira, bazenekien Idiazabal Gazta esne gordinarekin egiten dela? Beste batzuekin ez bezala, ez da esnea pasteurizatu behar, eta horretarako 60 egunez ontzen utzi behar da kameran.

Esnea jetzi eta hoztu ondoren, gazta egiten hasteko, 3ºC-tik 30ºC-ra pasatzen da, gatzagiak lan egin dezan. PH-a 650ean dagoela neurtzen da gero, orduan egiten baitute lan bakteria laktikoek. Ordu erdiz gatzagiarekin mamitzen uzten da.

Denbora hori igarota, esnea mozten hasten da, eta gutxi gora behera arroz aleen tamainako zatietan txikitzen da, lirarekin. Aleak elkartzen hastean, solidoa eta esne-gazura banatu egiten dira. Azken hau erretiratu, eta solidoa eskuz prentsatzen da, moldean sartzeko.

Ordu batzuk moldean eduki ondoren, atera eta inguruan zapi bat jartzen zaio gaztari, eta berriz prentsatzen da. Zapiak, hain zuzen, eutsi egingo dio, eta azala sortzeko lagungarri izango da.

Gazta ondo kontserbatzeko, gatzuran sartzen da. Adi, gazura eta gatzura ez baita berdina. Gatzura, gatza eta ura nahasiz lortzen den likidoa da. 16 bat orduz izaten da bertan, eta behin ateratakoan, parrilla moduko batean lehortzen uzten da. 

Ordutik aurrera, bi aukera daude: ketu egin daiteke, edo zuzenean kamerara sartu. Kameran bi hilabetez egoten da, eta 2-3 egunez behin buelta ematen zaie, azala ondo formatzeko. Gainera, lizuna barrura sartzen ez zaiela kontrolatu behar da.

Behin denbora hori igarota, garbitu eta saltzeko moduan izango da. Baina, jakingo zenuke Idiazabal gazta bat ezberdintzen?

Pista txiki bat hurrengorako: Idiazabal diren gazta guztiek kaseina delakoa daramate azalean, izena eta zenbakia jartzen dion zigilu moduko bat. Proteina bat da, jangarria, baina garrantzitsua da edukitzea. Ez dutenak, ez dira Idiazabal Gazta deiturakoak. Adi horri, beraz!

Ikusten duzunez, lan asko dago gazta baten atzean. Baietz larunbateko azokan beste begi batzuekin begiratu gaztak? On egin!