Mihura: atetik zintzilikatuko duzun landare magikoa - Tolosako Azoka

Mihura: atetik zintzilikatuko duzun landare magikoa

#Azoka lagunak
Ez da kasualitatea neguko solstizioaren sinbolo eta neguko festen protagonistetako bat izatea; izan ere, garaiotan zuhaitzak hostoak galdu eta soiltzen denan, hortxe jarraitzen du mihurak, bizi-bizi.

Frutarboletako enborretan topatu dezakegun landarea da mihura; batez ere sagarrondo, madariondo eta haritzetan. Loreak kolore hori suabea du, eta fruituak mahats txuri txikiak dirudite (pozoitsuak dira!). Izatez erdi-parasitoa da. Ez du sustrairik lurrean; beste zuhaitzen enborretan bizi da, hauei izerdia lapurtuz. Ez lurtarra, ezta zerutarra ere. Zuhaitzek lotzen badituzte zerua eta lurra, ez al da mihura landare magikoa? Babesgarri eta sendagarri magikoa omen da, behintzat.

Euskal Herriko baserri eta etxe atarietan ikusiko zenuen ziur, ateetan urte osoan zehar zintzilik, adaxka berde bat. Usadio zaharrei jarraiki, babesgarri eta sendagarria da landare hau. Ugariak dira bere dohaien inguruko testu, esames, aipu eta ohiturak.

Bakearen ikurra omen dira, sorginkeria negatibo ororen kontrako landare babeslea, suteak eragozten dituena, gaitzak sendatzen dituena. Era guztietako ateak zabaltzeko baliogarria ere ba omen da (ametsetakoak, inpernukoak, etxeetakoak) baina baita amesgaiztoak uxatzeko edota etorkizuna iragartzeko ere. Emakumearen ugalkortasunarekin ere lotzen dute askok; eta nola ez, baita maitasunarekin ere. Ziur mito hau behin baino gehiagotan entzun duzula: mihuraren azpian musukatzen den bikotearen maitasunak betirako iraungo du. Gaur egun, neguko solstizioa omentzeko eta urte berrirako zoriona nahiz osasuna erakartzeko mantentzen da ohitura.

Etxeko ate nagusian zintzilikatu behar da horretarako. Baldintza bakarra: mihurak ezin du lurra ukitu.; lehen esan bezala, “lurra eta zeruaren artean” bizi delako. Elezahar batek dioenez mihuraren botere magikoa bere sorreratik datorrela: tximista batek zuhaitz batean jotzen duenean sortzen omen da mihura, sinbolikoki, zeru-lurrek bat egiten dutelako.

Zintzilik eduki behar da Santa Luzia eguna iritsi arte (abenduaren 13a), urteko egunik motzena. Behin urtebete gu babesten egin ondoren, hau erre eta berria jartzeko momentua da. Ez da ezer gertatzen 13an bertan egiten ez bada, baina Eguberrietako jaien bezperan egin ohi da, urte berrira indarberrituta iristeko. Badira aldaketa hau udako solstizioan egiten duten familiak ere.ç

Ea gure inguruan edo azokan zurea topatzen duzun! Hori bai: diru truke baino, norbaitek oparitutakoak balio handiagoa du. Badakizu, beraz!