Ez da denboraldi ona izan gure ekoizleentzat baina itxaropena dute hurrengo hilabeteetara begira
Aldaketa klimatikoaren eraginez udara lehorra izan dugu Euskal Herrian, eta honek aldaketa eta kalte ugari ekarri dizkie gure azokagileei.
Tolosako Azokako hainbat baserritarrekin harremanetan jarri gara udara hontako berriak ezagutzeko asmoz: azokan nabaritu dituzten gora beherak, lehortearen ondorengo euren baratzeetako uzten emaitzak…
Uzta kaxkarra izan dutela esanez egiten dute denak bat, baina bezeroak ez dietela alde batera utzi ere aitortzen dute. Udaran, landa-eremuko turismoaren harira, nabariak izan dira atzerritarren bisitak gure baserritarren postuetara; baina tolosarrek ez bezala, ez dute produktu freskoez betetzen poltsa. Kanpotik datozenak, galkorrak ez diren produktuak erosten dituzte; alegia, beraien etxeetara eramateko ondo iraun dezaketen produktuak: Tolosako Babarrunak, intxaurrak, baita piparrak ere!
Zuhaitz Ibañezen postuaren (Aritzeta Barazkiak) produktu nagusia baina (edo leka) da, lehortearen ondorioz kalte hadienetarikoa jasan duen barazkia. Zuhaitzek bere uztaren zati handi bat galdu du beste zati handi bat uzta “artifizialki” ureztatzen salbatzen zuen bitartean. Hala ere, aurreikuspen positibo bat du hurrengo hilabetean begira, bere ustetan, udazken ona baitator.
Mª Teresa Jauregik urte asko daramatza Azokara gerturatzen eta azoka lagunei bere produktuak saltzen. Beterana hutsa da eta aldaketa guztietara dago ohituta. Hala ere, beste baserritarrak bezala kezkatuta dago muturreko klima aldaketak baratza eta soroetan izango duen eraginarekin. Ez bakarrik uzta murritzagoak ateratzen dituztelako, uzta hauen kalitatea kaltetzen delako ere.
Fruituak, lehen baino azkarrago usteltzen dira behin zuhaitzetatik hartuta
Mª Teresa Jauregi
Iñaki Garcíak (Barazki Bizidunak), beste nekazarien zailtasunei aurre egiteaz gain, bere produktu guztiak ekologikoak direla gehitu du. Bat dator aurten lehorteak uztan eragin dituen aldaketekin, baina Tolosako azokara joaten direnei gogorarazi nahi die produktua forman polita ez izan arren, ez duela esan nahi kalitatea edo nutrienterik galtzen dituztenik. Oztopoak oztopo, Garciak udazkeneko denboraldia eskertuagoa izatea espero du.
Azpimarragarria da nekazal lanetan, klima edo bestelako aldaketekin, arazoak aurreikusi eta lana indartu behar dela. Mª Teresak dioen bezala, “baserriko lanetan, ez dago jai egunik”.