Karduaz dituzun aurreiritziak albo batera uzteko ezaugarri eta bitxikeria sorta bat

Karduaz dituzun aurreiritziak albo batera uzteko ezaugarri eta bitxikeria sorta bat

#Produktuak
Gabonen bueltako barazkirik preziatuenetako bat izanagatik, beste askorentzat ezezaguna ere bada kardua. Zer du berezitik, ordea? Hona hemen aintzakotzat hartzeko arrazoi batzuk.

Ziur aski konturatuko zineten, baina orburuen sasoiarekin batera, familia bereko beste produktu bat ere ikusi izan dugu azken asteotan, batik bat, Euskal Herria Plazan: kardua.

Ezagutzen ez duzuenontzat… prestatu: ia metro bateko altuera eta metro erdiko zabalera izatera iritsi daitekeen barazkia da-eta! (Erosteko gomendiotxo bat: erosketa-orga eraman). Hori bai, ‘kargatu’ behar horrek merezi du

Mediterraneotik mundura

Negu bete-beteko barazkia da kardua: azaro hasieran hasten dira sasoiko lehen aleak, eta urtarrilaren amaieran dastatu daitezke azkenak. Landaketa uztailan eta abuztuan egiten da.

Erromtar garaitik landatzen dela uste da, Mediterraneo inguruan, batik bat. Artean, goi-klasearentzat gordetako produktua zen. Gerora, Argentina, Australia edo AEBn sartu zen, eta klimaren ezaugarrietara hobeto egokitzearekin azkar zabaldu zenez, espezie inbaditzaile gisa izendatu zuten leku horietan. Pentsa, biodiesela ekoizteko iturri gisa erabiltzeko ikerketak ere egin dira!

Elikagai osasungarri bat

Ur kantitate altua du, %90etik gora, hortaz, kilokaloria gutxiko jakia da. Fibra, mineral –potasio, kaltzio, fosforo, burdin eta selenioa– eta bitamina ugari ditu, B eta C gehienbat. 

Inulina kopuru altua duenez, osasungarria da, bereziki diabetikoentzat. Digesio-laguntzailea da, elikagai garbigarria baita, eta likido-erretentzioa saihesten laguntzen du. Kolesterol maila gutxitzeko eta behazun-harriak ekiditeko lagungarria ere bada.

Kardu batekin, denbora askorako

Tolosako Azokan aurki ditzakegun karduak Nafarroako Erriberatik datoz, gehienbat, Korella eta Tutera ingurutik. Testura leuna izan ohi dute, eta zapore bizikoak dira, mingostasun apur batekin.

Karduaren zurtoinak dira aprobetxagarrienak. Ugariak eta zabalak direnez, kardu bat hartzearekin denbora dezenterako izaten da, horregatik ontziratzea edo izoztea erabakitzen dute askok. Hori bai, lanak aurretik eginda: alboetako hariak eta arantzatxoak ondo garbitu behar dira laban batekin, eta zati txikitan ebaki ondoren, egosi egin behar dira ia ordubetez.

Sukalderako aukera aniztasuna

Almendra saltsarekin, urdaiazpikoarekin, bexamelarekin, almejekin (HIKA Txakolindegikoek ikastaroan erakutsi bezala), menestran, entsaladan… Era askotara jan daiteke kardua. Bataera ala bestera, baietz gustatu!

Portadako argazkia: Conasi