Kala loreari uretako lirio ere deitzein zaio, eta bere izen zientifikoa Zantedeschia aethiopica da (Zantedeschi lore hau Europara ekarri zuen botanikoaren abizena da). Kala izena grekozko kalos hitzetik dator, eta ‘polita’ esan nahi du. Loreontzi bat besterik ez du behar, edertasun guztia erakusteko.
Lore-hosto bakarra izateagatik da bitxia: kono itxura hartzen du, eta espadizea biltzen du, kolore horiz erdigunean ikusten dugu hori. Guk lore deitzen badiogu ere, izatez, hosto bat gehiago da. Gainontzeko hostoak berde ilunak izaten dira, oso luze eta zabalak. Lorea metro t’erdi ere hazi daiteke. Asko lantzen da, ondoren lore moztu gisa erabiltzeko. Oso erraz zaintzen dira, eta sinpleak izanda ere oso ukitu elegantea ematen dute etxeetan. Ziur ikusi izan dituzula, gurasoen edo aitona-amonen etxean!
Lore guztiek bezala, kalek ere badute euren sinbologia: kalak purutasunaren eta errukiaren loretzat hartzen dira, eta edertasuna adierazten dute, nahiz eta zortea ematen dutela ere esaten den. Bere historiari dagokionez, kalak Grezia eta Erromako garaikoak dira, eta bertan festekin eta gozamenarekin lotzen ziren, lorearen formak edateko kopa baten antza izan dezakeelako.
Esan modura, kala txuriak azokako mahai askotan topatuko dituzu, eta etxera eraman ahal izango dituzu moztutako lore modura, dekoraziorako. Hemen mantentzeko gomendio batzuk:
TIP: ez itzazu loreak fruten ondoan jarri, izan ere, frutek isurtzen dituzten gasek loreen heltzea eragiten baitute, eta horrek, jakina, murriztu egiten du haien iraupena lore-ontzian.