Egun batez artzain, Gaztañaditxulo baserrian - Tolosako Azoka

Egun batez artzain, Gaztañaditxulo baserrian

#Azoka lagunak
Ostiralean Idiazabalgo Gaztañaditxulo baserrira egin genuen bisita Azoka Lagunok. Gaztak Azokara iritsi arte atzean duen lana gertutik ezagutu ahal izan genuen: ardiak nola hezten diren ikustetik, gazta bera ekoizteko prozesura.

Eta, zer nahi duzue esatea? Gazta ekoizteko prozesua bera ederra bada, Gaztañaditxuloren historia ere ez da gutxiago. Ez omen da kasualitaterik, baina… ia halaxe hasi ziren.

Ander Barandiaran amasarrak kudeatzen du gaztandegia, amaren, Oihana bikotekidearen eta Xune alabaren laguntzarekin. Kaletarrak dira, nahiz eta Anderrek oroitzen duen aitona ibiltzen zela baserriko lanetan.

10 ardi baino ez zituzten hasieran, ardi latx muturbeltzak, eta etxerako egiten zuten gazta, baserriko sukaldean bertan. Gutxira, ardi gehiago eskaini zizkioten Anderri, eta gutxi batzuk erosi ordez, artalde osoarekin itzuli zen etxera. Ia 400 buru dituzte orain!

Sukaldetik gaztandegirako jauzia ere egin dute. Idiazabal Jatorri Deitura duen gaztaz gain, Artzai Gazta ere ekoizten dute, hau da, prozesua oso-osorik beraiek egindakoa dela egiaztatzen duen zigilukoa.

Eguneroko lana da

Ardi eta arkumeen inguruan asko ikasteko aukera izan genuen bisitan: esaterako, ardi bakoitzak urtean 200 litro arte eman ditzakeela edo urtean bi edo hiru arkumeko umaldi bakarra izaten dutela… eskuetan hartu eta mimo batzuk ere egin genizkien, noski!

Animaliak ondo zaintzea ezinbestekoa baita. Eta, halaxe egiten du Anderrek. Goizean goiz esnatzen da, eta ia prozesu bera jarraitzen du: aurreko eguneko esnea berotzen jarri, ardiak jetzi, pentsua eman, larrera atera, gazta egin, eta iluntzean, berriro ere ardiak jetzi. Udan, berriz, Atxurbi mendian izaten ditu ardiak, eta egunero joaten da hara.

Egun mekanizatua du ardiak jezteko gela: batetik, higienikoagoa delako; eta bestetik, denbora asko aurrezten delako. 

Noski, errentagarritasuna ere begiratu behar: gaur egun, esnea atera eta gazta egiteak ematen du diru gehien. Arkume haragia saltzea ez omen da errentagarria gaur egun, ez eta artilea ere, nahiz eta duela hamarkada batzuk hori zen diru iturririk handiena.

Bada, nola egiten da Azokan dastatzen dugun Idiazabal Gazta? Datorren asteko artikuluan azalduko dizuegu!