Urte luzez udazkenero gure herriko kaleetan nabari izan den usain bereizgarrienetako bat gaztaina erreen usaina izan da. Nork ez ditu noizbait dastatu Euskal Herria plazako sarreran jartzen zen postuan erretako gaztaina beroak?
Ohitura honi jarraituz, asko dira euren etxeetan gaztainak erretzera animatzen diren pertsonak. Baina, nola erre gaztainak, hain gustuko ditugunak bezala gera daitezen?
Hau lortzeko, funtsezkoa da kalitatezko gaztainak izatea, Tolosako Azokan aurki daitezkeenak bezalakoak.
Nola erre gaztainak?
1. Pertsona bakoitzeko 100-150 gr. jartzea da gomendagarriena, bakoitzak bere nahietara moldatuz.
2. Gaztainak erarik aproposenean erretzeko, oskolean zulo bat egitea komeni da. Hau labana batekin egin daiteke, gaztainen izkina bat moztuz. Moztu bitartean, labea berotzen jarriko dugu, 180º inguruko tenperaturan.
3. Labea bero dagonenean, gaztainak labe-erretilu batean jarri, gatz pixka bat gehitu eta ordu erdi inguruz labean sartuko ditugu. Lehen ordu laurdena pasatakoan, gaztainei buelta emango diegu, alde guztietatik erre daitezen.
4. Labetik ateratzean, 5 – 10 minutuz hozten utzi eta… txipli, txapla, pun! Jatera!