Osasuntsuak eta nutritiboak dira gaztainak. Gainerako fruitu lehorrekin alderatuta, kaloria eta grasa gutxiago eta karbohidrato gehiago dituzte. Potasio, magnesio eta fosforoan ere aberatsa da oso. Gure gorputzak energiaz betetzeko jaki biziki interesgarriak dira gaztainak.
Plana, izatez, ederra da: mendi buelta bat eman, zuhaitzetatik erori berriak diren gaztainak bildu eta jan. Baina ulergarria da barrugiro honekin etxean geratu nahi izatea, ezta?
Tolosako Azokan postu ugarik eskaintzen dituzte gaztainak, eta horiek etxeko goxotasunean dastatzea ere ez da ideia batere makala.
Danbolinean edo labean erretzea da gaztainak jateko erarik ohikoena inguruan. Baina badira modu ez horren ezagun gehiago ere bai. Horregatik, gaztainak prestatzeko modu ezezagunago batzuk proposatzera gatoz gaur. Ausartuko zinateke hauetakoren batekin?
Gaztain saltsa edo krema
Gaztainak zurituta egostea da egin beharreko lehen urratsa. Ondoren, tipularekin, baratxuriarekin eta porruarekin batera erregosten dira. Bada Pedro Ximenez edo antzerako likoreren bat gehitzen dionik ere. Amaitzeko, haragi-saldarekin nahastu eta likikoa lurruntzen denean, irabiatuta zerbitzatu daiteke. Haragiekin egindako plateren osagarri bikaina da.
Gaztainak galdarraztatuta
Behin gaztainak zuritu ostean, minutu gutxiz galdarraztatu edo frijitu daitezke. Are arinagoak izan daitezen, aurrez zortzi bat orduz uretan beratzen ere utzi daitezke. Gero, entsaladetan xerratuta, crumbleak prestatzeko edota ozpin-olioak edo pestoak egiteko erabil daitezke.
Gaztain egosiak
Digerigarriagoak bihurtzen dira, eta egosketa-zukuarekin glasatutako barazkiekin batera edo beste fruitu lehor batzuekin jateko aproposak dira. Pasta, arroz, espinaka, perretxiko eta patatarekin ere konbinazio ona egiten dute.
Beste elaborazio batzuk
Gaztainen mermelada
10 bat minutuz gaztainak egosi eta gero, zuritu eta urazukretan egin beharko dira. Kilo bakoitzeko 750 gramo azukre eta 200 ml. ur erabili beharko dira. Ordu laurdenez etengabe eragineta behin gaztainak gehituta beste 20 minutuz egosi beharko dira banila apur batekin, eta ondo nahasiz. Gaztain mermelada bikaina da ttarta eta bizkotxoak barrubetetzeko.
Gaztain irina
Irtenbide paregabea da zeliakoentzat. Gaztainak deshidratatu eta txikituta lortzen da. Zapore gozoago eta ketuagoa du. Postreak eta ogiak egiteko aproposa da, baita saltsa hainbat loditzeko ere. Hori bai, azkar kontsumitu beharreko irina da, azkar galtzen baitu bere aroma.
Marron glacé
Frantziako gozogintzatik eratorritako postrea da. Behin gaztainak egosi ondoren, espeziekin ondutako almibarretan konfitatzen dira. Zinez goxoak dira.
Tira, ideia asko eman dizkizugu. Ziur badirela gehiago. Besteren baten berri baduzu, nahi baduzu bidaliguzu. Eta, bestela, baduzu nondik hasi. Animo eta on egin!