Tradizioak tradizio: gazta, irasagar gozokia eta intxaurrak - Tolosako Azoka

Tradizioak tradizio: gazta, irasagar gozokia eta intxaurrak

#Azoka lagunak
Sagardotegiko “errituala”-ren barruan sartzen da postre hau, eta bertatik irteten garenean ditugun muxu-gorriak baino tipikoago da. Kupelik izan gabe ere, etxean kutixi hau dastatu dezazun Tolosako Azokan topa ditzakezun aukerak kontatuko dizkizugu artikulu honetan.

Esan liteke euskal postreen artean ezagunenetarikoa dela, eta sagardotegiek jatekorik eskaintzen ez zuten garaietatik dator; izan ere, garai batean, gaur egungo sagardotegi tradizionalek sagardo dastaketak eskaintzen zizkieten bertara sagardoa erostera gerturatzen ziren taldeei, ondoren etxerako eraman zezaten, baina ez; ez zuten jatekorik eskaintzen.

Talde bakoitzak bere janaria eramaten zuen, eta arrakasta ikusita, honezkero tradiziozkoa den sagardotegiko menua eratu zuten: bakailao tortila, bakailaoa piperrekin, parrilan egindako txuleta, eta postrerako, gazta, irasagar gozoki eta intxaurrekin.

Gaurko artikuluan azken horri erreparatuko diogu, postreari, tradiziozkoa izan arren askoren gustukoa izaten jarraitzen baitu.

Tolosako Azokan askotariko gaztak aurki daitezke: ardi gazta (gazta berriak, zaharrak zapore gogorreko gazta nahiago dutenentzat, gazta ketuak…), ahuntz-gazta (esne gordina edo pasteurizatutako esnearekin), behi gazta (zapore suabeagokoa eta krematsuagoa), nahasketa-gazta (ardi-behi gazta, ardi-ahuntz gazta), eta baita gazta freskoa edota gaztanbera ere.

Ardi-gaztari dagokionez, aipatzekoa da Idiazabalgo gazta berrien ekoizpen denboraldia hasi berria dela, eta gutxinaka gutxinaka hauek dastatzeko aukera izaten hasiko garela azokan.

Zein polita den azokagileak dastatzeko gazta zati bat ematen digun unea, ezta?

Azokan erositako gazta xamurrari gozo puntua gehitzeko ez dago irasagar gozokia bezalakorik. Tolosako Azokan topa dezakezun arren, etxean egitera animatu zaitezen honako errezeta proposatzen dizugu:

IRASAGAR GOZOKIA

Osagaiak :

-Irasagarrak

-Azukrea (irasagarren pisuaren %80)

-Limoi 1

  1. Irasagarrak zuritu, zatitu eta egosi bigundu arte.
  2. Bigunak daudenean, uretatik atera eta hozten uzti.
  3. Irasagar zatiak hoztutakoan, irabiatu findu arte.
  4. Irasagar kopurua pisatu eta halako %80 azukre gehitu.
  5. Nahasketari limoi zukua gehitu eta su baxuan sueztitu ordubetez nahasteari utzi gabe.
  6. Erretilu batean zabaldu, 24 ordutan hozten utzi eta listo!
Argazkia: invitadoinvierno

Eta azkenik, intxaurrak: Euskal Herriko etxeetan inoiz falta ez diren fruitu lehorrak. Zenbat aldiz entzun ditugu -ahal dela- eskukada bat jateak dituen onurak? Kolesterola gutxitzen omen dute. B bitamina eta Omega 3 gantzen iturri izanik, gazta eta irasagar gozokiarekin batera jateko fruitu lehor ezin hobea dira hauek, eta haiek bezala, Tolosako Azokan aurki ditzakezu.