Urte osoan zehar hainbat gazta mota aurki ditzakegu Zerkausian. Baina, joan den astetik, lehen gazta berriak ikusten hasiak gara gazta-ekoizleen mahaietan..
Izan ere, gaztak ere badu bere garaia: azaroan hasten dira lehen arkumeak jaiotzen, eta gutxi gorabehera lehen hilabetean hartzen dute bularra. Egun horiek igaro ondoren, ardiak jezten jarraitzen da, eta esne horrekin egiten da hainbeste atsegin dugun gazta.
Esne gordinarekin egindako gaztak direnez, osasun-protokoloek eta Jatorri Izendapenek ezartzen dituzten gutxieneko heltze-aldiak bete behar dituzte, eta, beraz, sasoiko lehen gaztak otsail hasieran iritsi ohi dira normalean.
Duela gutxi lortutako esnearekin egiteaz gain, alderik nabarmenena gaztak ontzeko denbora da, gazta berriak denbora gutxiagoz egon baitira heltzen.
Horregatik, hain onduta ez daudenez, ez dute hain zapore bizia. Testura delikatuagokoa dute, krematsuagoak edo mantekosoagoak dira, eta zapore laktikoagoak izaten dituzte.
Gazta berria benetako harribitxia da gaztaren maitale guztientzat. Baina denboraldi hasieran soilik eros daiteke, inauterien inguruan, eta denbora mugatuz izaten da, apirilaren hasierara arte gutxi gorabehera.
Batzuek nahiago izaten dituzte sasoiaren erdialdekoak, indar handiagoa hartzen hasiak direnean. Argi dagoena da denbora labur eta zehatz batez bakarrik goza daitezkeela.