Fruitu gorriak: Zeintzuk aurki ditzakegu azokan? - Tolosako Azoka

Fruitu gorriak: Zeintzuk aurki ditzakegu azokan?

#Azoka lagunak #Produktuak
Joan den astean, San Isidro egunaren ospakizunarekin batera, urteko lehen gerezi eta mugurdiak topatu ahal izan genituen Tolosako Azokan. Kolore gorri biziko fruitu hauek, marrubien ostean, udaberrian eta udan iristear dauden fruitu gorrien lehen arrastoak dakartzate gure plazetara eta gaurkoan haien inguruan arituko gara.

Zuhaitz, landare zein sasietatik jaioak, fruitu gorri edota baso-fruituak bezala ezagutzen diren fruituak udaberri eta uda garaiko gutiziarik handienetako bat izaten dira askorentzat. Plan ederra izaten da mendira joan eta basoan aurkitzen ditugun fruitu txikiak bildu eta etxera iristean jatea (etxera iritsi baina lehen denak jaten ez baditugu noski ­čśť), baina haien bila joateko aukerarik ez baduzu, lasai, Tolosako Azokan basoan aurki daitezken eta beste hainbat fruitu gorri ere aurkitu baititzakezu.

Marrubiak, gereziak, mugurdiak, masustak, aranbi gorri zein urdinakÔÇŽ Asko dira udaberri garaian hasi eta udazken garairarte Tolosako Azokako hainbat postutan aurki daitezkeen fruituak. Kolore gorri bizikoak gehienak, azidotasun puntu bat izaten dute gehienetan (C bitamina ugari dutenaren seinale) eta mamitsuak izaten dira gainera.

Zeintzuk aurki ditzakegu?

Marrubiak

Lore zuri txikiak ematen dituen landare txikitik hazten dira marrubiak, eta hainbat barietate ezberdin aurki daitezke. Gure inguruan hazten direnak (bai landatutakoak eta baita naturan aske hazten direnak ere) tamaina txikikoak izaten dira gehienbat, eta zapore bizikoak izaten dira, azokako hainbat postutan aurki daitezke udaberri garaian, martxo-apirilean hasi eta ekainerarte. Beste eskualde batzuetatik ekarritako marrubi handiagoak ere aurki daitezke Tolosako Azokan, itxura eta zapore ederrekoak, sasoiko produktua dira garai hauetan gainera.

Gereziak

Azokara iritsi berriak, arrosa koloreko lorea ematen duen zuhaitzetatik hantzen dira. Maiatzean hasi eta uztailera arte izaten dira eskuragarri Tolosako Azokan, bai gure inguruan jasotakoak eta baita beste eskualde batzuetatik ekarritakoak ere. Gainontzeko fruituek ez bezala hezur txiki bat izaten dute barnealdean (hazia).

Mugurdiak

Gereiziak bezala, azokara iritsi berriak dira hauek ere. Marrubien landareen antzera mugurdienak ere lore zuria ematen du, baina mugurdiaren landarea marrubiena baino altuagoa da. Arrosa-Gorri koloreko fruituak ematen ditu, zapore gozokoak, eta maiatzean hasi eta uda osoan zehar aurki daitzeke azokan.

Masustak

Basoetan aurki daitezkeen fruituen artean ezagunena seguraski, uda garaian hazten dira. Sasi formako landaretik hazten dira, eta heldutakoan kolore beltz eta zapore gozokoak izaten dira. Guztiz heldu gabeak jasoz gero, kolore gorria eta zapore garratzagoa izaten dute aldiz.

Aranbi gorri / urdinak

Gaurkoan aipatu ditugun fruituen artean ezezagunenak seguraski. Zuhaixka itxura duen aranbi-andaretik hazten dira, eta kolore gorri zein urdinekoak izan daitezke, zapore garratzekoak lehenengoak eta gozokoak bigarrenak. Udaberri eta uda garaian aurki daitezke gehienbat.